Ostalari eta hornitzaileen aldarriak, errepidean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 22a, 08:12

Lasarte-Oriako ostalariek euren aldarriak eta protestak lau haizetara zabaltzen jarraitzen dute. Auto-karabana egin dute gaur eguerdian herrian zehar. Taberna eta jatetxeetara hornigaiak eramaten dituzten hainbat langile ere batu dira protestara.

Ostalaritzaren sektorea pandemia garaian bizitzen ari den egoera zaila dela medio, herriko hainbat tabernarik protesta ekintzak egiten jarraitzen dute aste honetan. Kotxe karabana antolatu dute gaurko: herria zeharkatu dute 12:00etatik 13:00era, herritarren arreta bereganatuz ibilgailuen klaxonak jota. 

Hipodromoan geratu dira ostalari eta hornitzaileak –herriko taberna eta jatetxeetara elikagaiak, edariak, kafeak eta bestelakoak eraman dituzten langileek bat egin baitute gaurko protesta ekintzarekin–, goizeko hamaiketan. Ibilgailuak parkinean aparkatu dituzte, atontzeko: SOS ostalaritza lelodun afixak, Lasarte-Oriako Ostalaritza elkarteari babesa emateko bandera beltzak, bestelako aldarrikapen mezuak... Giroa eguzkitsua bada ere, goiza freskoa izan da, eta gorputza berotzeko kafe eta salda beroak edateko mahaitxo bat jarri dute. Ekintzarekin bat egin dutenek eskertu dute.

 

12:00ak puntu-puntuan zirela arrankatu dituzte motorrak, eta dantzan jarri dituzte klaxonak: gaurkoan, aldarriak eta protestak errepidera eraman dituzte ostalari eta hornitzaileek. Hipodromo Etorbidea zeharkatu eta Kale Nagusirantz joan dira, Oriaraino iritsi eta buelta emateko gero. Herritar batek baino gehiagok animo keinuak egin dizkiete protestan ari zirenei.

Manifestazioa igande arratsaldean

Lasarte-Oriako Ostalaritzak deituta, herritarrak kalera aterako dira gaur ere. 17:00etan, Okendo plazatik abiatuta, manifestazioa antolatu baitu elkarte horrek. Instituzioetatik jasotako laguntzak "ez dira nahikoak" euren ustez. Aurrezkiak agortu dituzte eta maileguak eskatu behar izan dituzte. Pandemia hasi zenetik hilabete batzuez itxi egin behar izan dituzte negozioak. Denbora tarte horretan euren diru-sarreren %100a galdu dutela azpimarratu dute azken asteetan egin dituzten mobilizazioetan: azaroaren 7ko manifestazioan, elkarretaratzean, kazeroladan, asteazkeneko azokan...eta baita gaurko kotxe karabanan ere. 

Adierazi dute baita ere ez direla gai bigarren itxialdiari aurre hartzeko eta laguntzak jaso ezean, negozio asko "behin betiko" itxi beharko dituztela eta horrek lanpostu askoren galera ekarriko duela. Lasarte-Orian ostalaritza motore ekonomiko "sendoa" dela ere gogorarazi dute, azpimarratuz, 450 lanpostu zuzen mugitzen dituela zuzenean. 

 

Erlazionatuak

Kazerolada Jalgi aurrealdean

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 14 Ekonomia