Ostalariek sektorearen heriotza saihesteko neurriak eskatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 8a, 16:01

Kale hutsak jendez bete dituzte Lasarte-Oriako ostalariek eta haien aldeko babesa adierazi nahi izan duten herritarrek. Egoera larri honen aurrean diru laguntzak eta babes neurriak eskatu dituzte. 

Kaleek ezohiko itxura dute larunbatetik. Itxitako ateak, jasotako mahai eta aulkiak, jaitsitako pertsianak... Plazan manifestazioa hasteko zain dauden ostalarien grabazioa urrutitik entzuten da, bereziki isilik dauden kaleetan. Bertako sirena hotsak bestelako testuinguru beldurgarriagoak iradoki dizkie batzuei. Ez protesta egitera elkartu direnei, ordea. Haientzat bizi dutenak nahikoa izu eragiten baitie. 

Herriko ostalaritzaren heriotza irudikatu dute  manifestazio buruaren aurretik bidea egin duten hiru hil kutxekin. Gainean, gaztelaniaz idatzita, "Ostalaritza 2020. Goian bego. Lasarte-Oria" zioen eskela moduko afixa beltza zuten. Mezu errepikatuena, hala ere, hizki gorriz idatzitako SOS Ostalaritza izan da. Kamiseta beltzetan, mantal berdeetan eta pankartan ageri zen. 

Okendo hasi eta amaitu den mobilizazioarekin ehunka lagunek bat egin dute, eta bereziki jendetsua izan da plazara buelta. Bidean, Urkulluren aurkako oihuak eta ostalaritzaren aldekoak entzun dira, besteak beste. Herritar batzuek txalo egin diete bide ertzetik, babesa erakutsiz; eta eskerrak jaso dituzte erantzun gisa.  Amaieran adostutako idatzia entzuteko asmoa zuten, baina bateria gabe gelditu da bozgorailua. Horren ordez, ostalaritzaren aldeko oihu eta txaloekin amaitu zuten. 

Etorkizun beltza

Haserre eta kezkatuta daude herriko ostalariak. Protesta ondorengo solasaldian azaldu zutenez, sektorea egoera oso kritikoan dago, itxialdiaren ondoren baino okerrago; kolpe hartatik ateratzeko indarrak eta dirua xahutu baitituzte, buelta emateko itxaropenez. Jakin badakite, egoera luzatuz gero, orain itxita dauden negozioetako askok ezingo dutela berriro ireki.  

Lasarte-Oriako motore ekonomikoetako bat da ostalaritza,  450 lanpostu zuzen ditu. Ez dituzte beraien aurkako neurriak ulertzen, kutsatzeen errudun bilakatzea, eta ironikoki galdera luzatu zuten:  supermerkatu, merkataritza gune eta antzekoetan ez dira izan ala ezkutatu egin dituzte? 

Halaber, itxiera 24 orduko aurrerapenarekin jakinaraztea gaitzetsi zuten, are gehiago asteburu bezpera zelako eta hari begira erosketa egina zutelako. Urkullu lehendakariak erabaki hori egun batetik bestera hartzeko gaitasuna badu, diru laguntzekin gauza bera egin beharko lukeela arrazoitu zuten. Babes hitzez haratago, benetako laguntza nahi dute agintarien aldetik.

 

 

Erlazionatuak