Protestak ez dira eten; sirena hotsak itzuli dira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 13a, 14:21

Lasarte-Oriako ostalari eta herritarrek sektorea jasatzen ari den egoera latza salatzera atera dira ostiral eguerdian

Ostiral eguerdian kalera irten dira, berriz ere, herriko ostalariak. Herriko taberna zein jatetxeetako bezeroek ere bat egin dute Okendo plazan egindako kontzentrazioarekin; sektoreko langile kaltetuei elkartasuna adierazi diete.

Kolore gorriko SOS ostalaritza lemapean, jasaten ari diren egoera kritikoa salatu dute. Sirena hotsak ere aireratu dituzte eta bozgorailu batean bizitzen ari diren egoeraren berri eman dute. 

Herriko taberna guztiek, ordea, ez dituzte ateak erabat itxita. Eusko Jaurlaritzak pasa den astean iragarritako neurrien arabera, etxera eramateko zerbitzua eskaintzen duten taberna zein jatetxeek zerbitzu hori ematen jarraitu baitezakete. Hori kontuan hartuta, egoera ezberdina bizi du herriko taberna edo jatetxe bakoitzak. Jalgi Kafe Antzokiak, esaterako, ateak guztiz itxi behar izan ditu. Ez dute sukalde zerbitzurik, hortaz, ateak erabat itxita dago. Tabernaren arduradun Javi Morarekin hitz egin du TXINTXARRI-k eta honako adierazpen hauek egin dizkio:  "Egoera oso zaila da, hirugarren aldiz itxi behar izan dugu, eta honetatik ateratzea oso zaila izango da; taberna asko geratuko dira bidean. Familia askori eragiten digu egoera latz honek; gure kasuan, esaterako, bikotea eta biok gara tabernariak; biok gaude lanik gabe". Horrekin batera, azpimarratu du egonezina sortu diola Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak egun batetik bestera aplikatzeak: "Asteburua zen gainera, eta egun horietarako erosketak eginda genituen. Nork erantzungo du galera horien aurrean?".

Avenida tabernari, berriz, ogibideari eusteko aukera txiki bat zabaldu zaio. Egunerokoan menuak eskaintzen dituenez, zerbitzu horrekin jarraitzen du, baina etxera eramateko bakarrik. Bertako jabe Yon Mikel Rodriguezekin ere hitz egin du aldizkariak, eta bere egoeraren berri eman dio. ""Ez genekien zein aukera izango genituen, edo izango genituen ere. Orain etxera eramateko zerbitzuarekin ari gara lanean, indarrak horretan jarri ditugu". Bezeroei ere eskerrak eman nahi izan dizkie, momentu zail hauetan, babesa erakusteagatik.