Koronabirusa gurera iritsi aurretik, unibertsitateko ikasketak amaitzera Vilniusera joateko asmoa zuen Uxue Anabitarte (Lasarte-Oria, 1999) herritarrak. Ingeniaritza informatikoa ikasten ari da, eta Lituanian atzerriko egonaldia egin ahal izango zuen edo ez, ia-ia bezperan jakin du. Atzerritik joandako ikasleek hamalau eguneko berrogeialdia egin behar izan dute Europa iparraldeko herrialdera iritsi bezain pronto; tartean lasarte-oriatarrak: "Unibertsitateak jarritako hotel batean egin dugu berrogeialdia; eurak arduratu dira guri janaria eta behar genituen gauzak ekartzeaz".
Ia bi aste horiek igarota, egunerokoari martxa hartzen ari zaio, baina, kontziente da koronabirusa bere atzerriko egonaldia baldintzatzen ari dela, zentzu askotan. Aurrez aurreko eskola bakarra du Anabitartek, gainerakoak online egiten ari dira. Hortaz, astean egun bakarrez joan behar du unibertsitatera eta egun horretan elkartzen da ikaskideekin: "Herrialde berri batera iristen zarenean, normalean ez duzu inor ezagutzen, eta unibertsitatera astean behin joateak, are zailagoa bihurtzen du harremantzea; ez duzu inor ezagutzen eta ez dakizu norengana jo".
Bestela, Euskal Herriarekin eta Espainiar Estatuaren egunerokoekin alderatuta, giro "nahiko lasaiarekin" egin du topo herritarrak Vilniusen. Azaldu duenez hiri horretan ez da Espainian bezain beste kutsatu egon, eta hori dela-eta, ez dituzte Espainian jarraitu beharreko neurria asko jarraitu behar: "Leku publiko itxietan maskara jartzea ezinbestekoa da, baina kalean ez dugu jantzita eramateko derrigortasunik". Egoera ezberdina bizitzen ari direnez Vilniusen, antzeman du Espainiatik iritsitako ikasleek oso zorrotz mantentzen dituztela segurtasun neurriak, bertakoekin alderatuta. Adibide bat ere jarri du: "Unibertsitateko eskoletan irakasleak distantziak mantentzen dituenez, ez du maskararik janzten".