Koronabirusak eragindako egoera berrira ohitzen ari da Malen Arzadun Oriarte-Larrekoetxe institutuko ikaslea. DBHko hirugarren maila hasi du aurten, baina, ikasle guztien antzera, ikasturte "ezberdin" bat izaten ari da berarentzat ere. Eskolara sarrera eta irteerak mailaka egiten dituztela jakinarazi du: "Bost minutuko aldearekin sartzen gara institutura maila bakoitzeko ikasleak, eta atera ere berdin egiten dugu". Horrez gain, tenperatura neurtzen diete irakasleek eraikinera sartu aurretik, eta gelara sartu baino lehen, gel hidroalkolikoaz igurtzi behar dituzte eskuak.
Sei eskola ordutan maskara jantzita edukitzeak "larritasuna" eragiten diola nabarmendu du, eta irakasleek ere jantzita edukitzen duten arren, "ozen eta garbi" hitz egiten dutenez, horien azalpenak entzuteko arazorik ez du izan orain arte. Hori bai, arnasa behar bezala ezin duela hartu kontatu du.
Jolasgaraiko tarterako ere zehaztutako neurriek eragin diote lasarte-oriatarrari. Gela bakoitzak bere "txokoa" du jolastokian ibiltzeko, eta, ikasleek ezin dute beraien gelakoak ez diren ikaskideekin elkartu: " Kuadrilako lagun guztiak beste gela batekoak direnez, ezin dut beraiekin egon jolasgaraian".
"Oso arraroa" da Arzadunentzat bere ikaskideekin ezer elkarbanatu ezin ahal izatea: "Ezin dugu materiala partekatu, ez gureak ez diren gauzak ukitu ezta guk beste inori ezer utzi; arraroa egiten da orain arte ez baita horrela izan, baina bizitzen ari garen egoerak hala eskatzen duenez, hala egiten dugu".
Argi du Arzadunek ere, konfinamendu garaian, eskolako lanekin etxetik jarraitzeak zaildu egin duela ikasketa prozesua: "Orain, konfinatuta egon ginean landu genituen zenbait gairen errepasoa egiten ari gara, eta konturatu naiz, orain ari naizela etxetik lanean egon nintzenean ondo ulertu ez nituen hainbat gauza behar bezala ulertzen; irakaslearekin aurrez aurre egoteak laguntzen du horretan, zalantzak sortzen diren momentuan galdetu eta argitu daitezkeelako".