Koronabirusa iritsi aurreko ikastolako egunerokoa eta gaur-gaurkoa "ezberdina" ikusten dute Unai Berasategik, Amets Vilak eta Markel Perezek. Landaberri-Garaikoetxeako ikasleak dira hiru lagunak, eta eskolako egunerokoa zertan den ezberdina kontatu diote txintxarri-ri: "Orain, egunero-egunero maskarak jantzita egon behar dugu ikastolan, gel hidroalkolikoarekin garbitu behar ditugu eskuak eta beti distantziak mantendu behar ditugu". Egoera berriarekin ez daude gustura: "Dena asko aldatu da".
Maskararekin "deseroso" sentitzen direla ere nabarmendu dute: "Estutasuna sortzen du; ura edateko eta hamaiketakoa jateko bakarrik kendu dezakegu". Markel Perezek gehitu du bero asko sorrarazten diola, eta aho ingurua beti "urez beteta" izaten duela.
Bakoitzak bere ur-botila eramaten du eskolara; hain zuzen ere komunerako joan-etorriak, eta batez ere horietan gerta daitezkeen ikasle pilaketak ekidin eta iturriak ikasle askok erabiltzea saihesteko. Hain zuzen ere, komunen erabileran ere aldaketak izan dituzte; hiru lasarte-oriatar gaztetxoek azaldu dute komunera joateko tarte zehatzak izaten dituztela.
Irakasleek, segurtasun distantziak mantenduz gelan hitz egin eta azalpenak emateko maskara kentzea lagungarria dela uste dute hiru gaztetxoek: "Bestela ezin dugu hitz egiten dutena ulertu". Segurtasun neurriekin ez dira "eroso" sentitzen: "Ezin dugu lehen bezainbeste elkartu lagunekin jolasteko, eta maskara jantzita ezin daiteke ondo arnasa hartu".
Unai, Markel eta Amets lagunak dira eta sumatzen dute, adibidez, jolasgaraian elkarrekin jolastu ahal izateko beharra. Baina, ezin dute gaur gaurkoz: "Amets beste gelakoa da, eta hortaz, jolasgaraian ezin dugu elkarrekin jolastu; gela bakoitzak jolasteko gure eremua dugu eta ezin dugu hortik kanpo ibili", azaldu du Unai Berasategik. "Nahaiago dugu denok elkarrekin, nahastuta jolastu".
Konfinamendu garaia ere gogoan
Etxetik atera ezinik igarotako konfinamendu hilabeteak "aspertuta" igaro zituztela azpimarratu dute gaztetxoek. Jolasteko tarteak izan zituzten, baina eskolako lanekin ere jarraitu zutela azaldu dute. Baina, hirurak bat datoz hausnarketa berarekin; nahiago dute eskolak etxetik jarraitu baino, gelara joatea: "Eskolan lagunekin egon gaitezke, nahiz eta orain, beste modu batean, distantziak mantenduz egon behar dugun lagunekin, eta ikasi ere, gehiago ikasten dugu eskolara joanda".
Koronabirusak eragindako egoera "oso arraroa" da hirukote lasarte-oriatarrarentzat: "Jende asko ari da hiltzen birusagatik; guk lagun bat izan dugu koronabirusarekin, eta ondo dago orain, eskerrak! Birusak txikioi ez digu ezer egiten, baina, halere, segurtasun neurri guztiak errespetatu behar ditugu badazpada, eta horrelaxe egiten dugu guk".