Oriarte Institutuko ikaslea da Markel Aranjuelo lasarte-oriatarra. Hamahiru urte ditu, eta COVID-19ak eragindako egoerak "aldaketa handi bat" ekarri diola nabarmendu du. Konfinamenduan, ikasketak etxetik jarraitzea "deserosoa eta zailagoa" egin zaio eta ziurtatu du, "gogorra" egin zaiola eskolako lagunekin ezin egon ahal izatea.
Orain, ikasturte berrian ikastetxera itzulita momenturo maskarak jantzita egon behar izateak "estutasuna" sortzen diola nabarmendu du, eta zenbait unetan, irakasleen azalpenak entzuteko "zailtasunak" izaten dituela ere adierazi du.
Ikastetxera sartzeko hartu beharreko neurriak behar bezala ikasita ditu Markelek ere. Ikaslek bata bestearen atzean, ilaran jarri eta tenperatura neurtzen diete lehenengo. Ondoren, gel hidroalkolikoarekin eskuak garbitu, eta norabideak markatzen dituzten geziz betetako eskilaretan barrena igotzen dira gelatara: "Beti modu ordenatuan, bata bestearen atzetik; gela batzuk eskilara batetik, eta, besteak, berriz, beste eskilaratik".
Ikasgelatako leiho eta ateak zabalik mantentzen dituzte Oriarte-Landaberrin ere: "Horrela gelak uneoro aireztatuta mantentzen dira, baina, batzuetan hotza sartzen da, eta nik orain arte hotzik sentitu ez dudan arren, badaude gelan berokiak kendu gabe egoten diren ikaskideak".
Distantziak mantentzea batzuetan zaila
Koronabirusari aurre hartzeko jarraitu beharreko neurriak zorrotz mantentzen saiatzen da Markel, baina, aitortu du zenbaitetan zaila ere suertatzen zaiola den-denak errespetatzea: "Kontuan hartu behar ditugun gauza asko dira, eta, zenbaitetan, erraza da horietako baten batek ihes egitea. Jolastokian, adibidez, ikasle asko batzen gara eta bakoitzak gure eremua dugu, eta distantziak mantentzen saiatzen gara, baina momentu batzuetan zaila suertatzen zaigu".