Hamar urte ditu Irati Caro Dominguez Sasoeta-Zumaburuko ikasleak, eta oso modu atseginean erantzun dio txintxarri aldizkariaren deiari: bideo-dei batean elkartu dira Caro-Dominguez familia eta aldizkariko kazetaria. Ikasturte berria nola bizitzen ari den galdetuta, dena "nahiko arraroa" egiten ari zaiola azaldu du, baina "ohitzen" ari dela.
Martxotik irailera ikastetxetik kanpo aritu behar izan zuen gainerako ikaskide guztiek bezala, eta hori "gogorra" egin zaio: "Nahiago dut eskolak ikastetxean, aurrez aurre jaso eta ikaskideekin egon; hori asko bota dut faltan konfinamendu garaian".
Ikasturte berrian eskolara bueltatu dira, eta bertan aurkitu duten egunerokoaren berri eman dio gazteak aldizkariari. Azaldu du "oso deserosoa" zaiola momenturo maskarak jantzita egotea: "Ez ditut ikaskideen aurpegiak ikusten eta niri, euren aurpegiak ikustea gustatzen zait". Ikastetxera sartzeko jarraitu beharrezko protokoloa oso barneratuta du: "Mailaka eta ordu zehatzetan antolatuta sartzen gara ikastetxera; gel hidroalkolikoarekin eskuak garbitu eta orduan sartzen gara gelatara. Bertako leiho eta ateak ere momenturo zabalik daude, gelak uneoro aireztatuta egon daitezen".
Ikastetxeko komunerako joan etorriak ere ez dira orain artekoak bezalakoak: "Egoera guzti hau sortu aurretik nahi genuenean joan gintezken komunera, orain, berriz, hamar minutuko tarteak ditugu komunera joateko". Jolastokiko ohiturak ere ezberdinak orain: "Gela barruan, bakoitza bere mahaian eserita jaten dugu hamaiketakoa, eta ondoren irteten gara jolastokira, mailaka".
Ikasketa prozesua etxetik jarraitzen
Orain, hamar bat egun daramatza etxean Iratik. Gertuko batek positibo eman eta berrogeialdiko egunak igarotzen ari da. Etxetik ari da eskolako egunerokoa jarraitzen, eta aitortu du "zailagoa" dela horrela lan egitea: "Irakasleak egunero egin behar ditudan lanen berri ematen dit eta egunero deitzen dit zer moduz moldatzen ari naizen galdetu eta zalantzak argitzeko. Egindako lan horiek etxetik irten ezin daitezkeenez, argazkiak bidaltzen dizkiot irakasleari, eta horien bidez egiten dute beraiek nire jarraipena".