UDALBATZARRA

Ohiko saioa, ezohiko neurriekin

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko eka. 12a, 13:15

Ekaineko saioko gai-zerrendako puntuak presentzialki landu eta eztabaidatu ditu udal korporazioak, bi orduz, neurriak hartuta eta zinegotzien antolamendua aldatuta. Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresei laguntzak emateko Alkatetzaren dekretua berretsi dute, eta Leroy Merlin merkatalgunea eraikitzeko bateragarritasun planaren gaia atzeratu, Lasarte-Oria eta Donostiako Udalek aurkeztu behar duten behin betiko testua erabat zehaztuta ez dagoelako oraindik.

Ekainaren 15ean urtebete beteko da udal korporazio berria osatu zenetik. Gauza asko gertatu dira ia 366 egun horietan –bisurtea baita 2020a–, tartean, gure egunerokoa goitik behera irauli duen pandemia, COVID-19arena. Horrek ere ekarri ditu aldaketak udalbatzarrak egiteko modura: konfinamenduaren faserik hertsienean, saio telematikoak egin ditu korporazioak azken hilabeteetan. Ekainekoa, ordea, presentzialki egin dute, neurriak hartuta eta zinegotzien antolamendua aldatuta, baita kazetariena ere. Herritarrek ere parte har dezakete plenoetan, aurrez eskaera eginda. Inor ez da ekainekora joan.

Gai-zerrenda lantzen hasi aurretik, hitza eskatu dute PSE-EEko zinegotzi Lourdes Acevedo eta Nagore Duranek, maiatzeko udalbatzarrean erabilitako "espresio desegoki" batzuengatik barkamena eskatzeko. Hori argituta, 2020an egindako hainbat plenoren aktak onartu dituzte, apirilaren 30ekora arte. 

Leroy Merlinen gaia, atzeratuta

Zerrendako gai mamitsuenetako bat azkar batean landu dute. Aipatu, hobe esanda, alkateak jakinarazi baitzuen atzeratu egingo dutela Lasarte-Oriako eta Donostiako Udalen lur-eremu batzuk, Teresategi magalekoak –proiektua onartuz gero, Leroy Merlin merkatalgune bat eraikiko dute han, 28.000 metro koadroko azalerakoa– bateragarri egiteko proposamenaren onarpena (edo ez). "Donostiako Udala aztertzen ari da dokumentuan puntu batzuk gehiago sartzea, eta testua bi udalen artean adostu behar dutenez, hobe da behin zehaztuta dagoenean plenora ekartzea, adierazpena berriro erredaktatu baino". Bolo-bolo dabil gai hori herrian berriro; herritar talde batek kontzentrazioak egin ditu azken asteetan.

Eskolako materiala erosteko familientzako laguntzak eta herriko merkatariak babesteko oinarriak aldatzea adostu ostean, aho batez, Alkatetzaren dekretu bat berretsi zuen korporazioak, aho batez baita ere: merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen jarduera ekonomikoak laguntzeko iragarritako lerroarena, 500.000 eurokoa. "Bilerak egin ditugu alderdiekin, batzordeetan, Lasarte-Oriako Ostalaritzarekin eta Aterpearekin; guztion lanaren fruitua izan dira laguntza hauek", nabarmendu du Agustin Valdivia alkateak. EH Bilduk honela baloratu ditu, Uxue Loinaz zinegotziaren hitzetan: "Egoerak hala eskatuta, azkar onartzeko egitasmo bat zen hau, eta beharbada ez ditu merkatari guztien beharrak behar bezala asetzen, baina parte-hartzeari ate bat ireki dio Udal Gobernuak, txikia izan bada ere, eta horrek asko pozten gaitu". EAJ alderdiaren bozeramaile Jon Antxordokik jeltzaleen baiezko bozka azaldu du: "Diru-laguntzen oinarri hauek hasierakoak baino askoz aproposagoak direla uste dugu, eta baiezko bozka emango diegu; landu dituzuenoi, zorionak".

Berankortasuna, ordenantzak eta MUGI tarifak

Kreditu gehigarri batzuk bideratu ditu udalak merkatarien laguntzetara eta Covid-19 bulegora: 375.000 euro eta 57.964,90 euro, hurrenez hurren. Aho batez onartu du hori korporazioak, eta baita 2020ko egutegi fiskala eta Ordenantza Fiskalak aldatzea: ostalarien terrazen gaineko tasari %100eko hobaria aplikatuko diote, atzeraeraginkortasunarekin, 2020ko urtarriletik, eta Udal Musika Eskolako ikasleen tarifetan ere bonifikazio batzuk egitea onartu dute, COVID-19aren pandemiagatik ezin izan baitira egin. EAJ abstenitu egin zen batzordean, baina alde bozkatzea erabaki du plenoan, Boris Nogales zinegotziak esplikatu duenez: "Ostalariek proposamen gehiago jarri dituzte mahai gainean, baina kontziente gara den-denak ezin direla onartu, batez ere zentzu ekonomikokoak ez direnean. Udala egiten ari den ahalegina baloratu dugu, eta baietz bozkatzea erabaki".

Puntu horiek baino lehen, 2019ko berankortasunari buruzko txostenari buruz jardun dira plenoan. Horri buruz ezin du bozkatu korporazioak, baina eztabaida dezake, inork parte hartu ez duen arren. Datu bat: kontu-hartzailearen txostenaren arabera, fakturak onesten direnetik ordaintzen diren arte, batez beste, 2,57 egun pasa ziren iaz. Epemuga maximoa 30 egunekoa da. MUGIren tarifak ere landu dituzte, eta 2020ko apiriletik 2021ekora arteko tarifak onartu. 1,85€ balio du txartelik gabe ordaindutako bidaia batek. Txartelarekin, segun eta hilabetean zenbat joan-etorri egiten diren, prezioak jaisten doaz: 1-5 artean, 0,96€; 21-30 artean, 0,78€; eta 51 bidaiatatik aurrera, 0,19€. 

Alderdien eta eragileen mozioak

Mozio ugari jorratu dituzte ekaineko udalbatzarrean. ELOP alderdiak aurkeztutako bat adibidez, maskaren derrigorrezko erabilerari buruzkoa. Udal Gobernuari eskatu diote herritarrei material horrekin hornitzeko "mekanismoak ebaluatu eta abian jartzeko", kolektibo kalteberei lehentasuna emanez. Eskatu dio baita ere alderdi horrek itzulitako 22.112,31 euroak, iazko jarduera politikoa egin ostean soberan geratu zirenak, horretara bideratzeko. Ez zen aurrera atera, bi aldeko bozka, zortzi aurkako eta zazpi abstentzio jaso baitzituen. Lourdes Acevedok (PSE-EE) azaldu du diru hori 2019ko likidazioan sartu dela, eta erabili dela kreditu gehigarriak aldatzeko. Bestalde, urtebeterako kalkuluak eginda, eta maskara bat eman behar bazaie egunero kolektibo kalteberetako kideei, "urtean 900.000 euroko kostua" edukiko luke ekimenak, eta udal batek ezin diezaioke gastu horri aurre egin. "Eusko Jaurlaritzak bilatu behar du konponbidea, Espainiako Gobernuaren eta Europaren laguntzarekin; maskarak derrigorrez erabiltzearena osasun erakundeen agindu bat da".

UFFF Udal Finantzaketarako Foru Funtsari buruz ere jardun dira. Mozio bateratu bat aurkeztu dute EH Bildu eta ELOPek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta lurralde historiko horretako udalen artean elkarrizketa esparru bat sortzea proposatuz –GFAk maiatz erdialdean iragarri zuen %20 murriztuko duela funts hori aurten–, "COVID-19aren krisiak eragin ditzakeen zerga-ondorioei eman beharreko erantzunak adosteko eta bateratzeko". Ez da aurrera atera. Proposamen alternatibo bat prestatu eta aurkeztu dute PSE-EEk eta EAJk horri buruz, proposamen hauekin: GFAri eta Eudelen artean elkarrizketarako erakunde mahai bat sortzeko eskatzea, eta Finantzen Lurralde Kontseilua hiru hilabetean behin elkartzea, "inoiz baino beharrezkoagoa" delako egoera ekonomikoari, aurreikuspenei eta udalen egoerari buruz sarriago informatzea. 11 aldeko bozka, lau aurkako eta bi abstentziorekin, onartu egin dute. EH Bilduren iritziz, proposamena "oso azalekoa" da, ez baitio "arazoari erantzuten" eta aurka bozkatu du.

Hezkuntzan ematen den arrakala digitala murrizteari buruzko mozio bat aurkeztu du PSE-EEk, Eusko Jaurlaritzari proposatuz plan bat onartzea, bere eskumenei dagokionean, arrakala hori murrizteko eta hezkuntza sistemaren "kalitatea eta ekitatea" bermatzeko. Halamau aldeko bozkarekin eta hiru abstentziorekin onartu dute. EAJ izan da alde bozkatu ez duen bakarra, eta azaldu du zergatik: "Argi dago hobetu beharra dagoela, baina gure hezkuntza sistema estatuko onenetakoa da", nabarmendu du Boris Nogales zinegotziak. "Jakin dugu Landaberrik hamar eskaera egin dituela SIM txartelak eskuratzeko, eta eman zaizkiola. Mozioan jasotzen duzuenez, herriko egoera hobetu behar bada, Udal Gobernuari eskatzen diogu esateko zenbat familia etorri diren laguntza eskatzera, horri buruzko informazioa eman dezala".

Gai-zerrendan ez zetozen hiru mozio gehiago jorratu ditu udalbatzarrak, horiek urgentziaz tratatzea adostu ostean. Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak neurri batzuk hartzea eskatu die lurralde horietako udalei, Lasarte-Oriakoari barne, COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioak leuntze aldera: lanik zein etxerik gabe geratu diren pertsonak babestea; aldi baterako harrera tokietan dauden pertsonak babestea; pertsona guztiak erroldatuak izatea bermatzea; eta migratzaileen erregulazio administratiboa, besteak beste. Onartu egin du korporazioak. Lankidetza eta Elkartasun Fondoen Konfederazioaren proposamen bat ere bai. Udalak konpromisoa hartu du "garapeneko lankidetzarako eta nazioarteko elkartasunerako politikak indartzeko".

Ekaineko saioan landu duten beste gai bat: haur eta nerabeentzako aisialdi ekintzak egitea udan. Astialdi Sarearen mozio bat aztertu dute. "Osasun neurrietara zorrotz egokitzen diren aisialdi hezitzaileko jarduerak antolatzea" helburu, proposamen eta eskaera zerrenda bat helarazio dio Lasarte-Oriako Udalari. Onartu egin dute hori ere, sei aldeko bozka eta 11 abstentziorekin. EAJko bozeramaile Jon Antxordokik azaldu duenez, "koherentzia politikoagatik" abstenitu dira jeltzaleak. "Dakizuenez, udalak erabaki du txokoak ez antolatzea aurten: azken momentura arte saiatu gara, bilera mordoa egin ditugu dena prestatzeko, baina uste dugu ez garela gai gaztetxoen osasun baldintza guztiak bermatzeko gai". Alderdi sozialista ere abstenitu egin da, udalak iragarritakoa eta gero alde bozkatzea "hipokrita" izatea iruditzen zaiolako.

Uztailaren 12an egingo dira Eusko Legebiltzarrerako bozak. Lasarte-Oriako hauteskunde mahaiak zozkatu dituzte udalbatzarrean. 22 lehendakari, 44 bokal eta euren ordezkoak –44 eta 88 pertsona gehiago, hurrenez hurren– aukeratu dituzte, sistema informatiko baten bidez. Datozen asteetan jasoko dute jakinarazpena herritar horiek guztiek. Hamahiru hauteskunde barruti jarriko dituzte. 14.371 lasarteoriatarrek bozkatu ahalko dute uztailaren 12an. Argazkian, Juantxo Morcillo teknikaria azalpenak ematen:

Galdera eta erreguak

EAJk eta EH Bilduk hainbat galdera egin dizkiote Udal Gobernuari. Jeltzaleek gai hauek atera dituzte: kalean utzita denbora asko daramaten ibilgailuak, legealdi honetarako plana eta parte-hartze araudia. Koalizio abertzaleak, berriz, Zubietako Erraustegia eta herriko kultura eta kirol elkarteen egoera eta jarduna izan ditu hizpide.

Hipodromo Etorbidean denbora asko zeraman auto bat erretiratu du udalak asteon, eta, horren harira, EAJk jakin nahi izan du ea gainontzekoekin nola jokatuko duten. Lourdes Acevedo sozialistak erantzun du, esanez ibilgailu hori erretiratzeko izapideak hasita zeudela eta "erraza" izan dela erretiratzea, eta gainontzeko autoen jabeei ohar bat bidaliko diela udalak datorren astean, jakinaraziz "progresiboki" erretiratuko dituztela guztiak. Legealdi planaren inguruan, Agustin Valdivia alkateak erantzun du lau urterako asmo hori hirura murriztuko dutela, eta aurtengo aurrekontuak "gehien behar dutenei laguntzera" bideratuko dituztela. Oraindik onartzeke daude 2020koak. Parte-hartzeari buruz hitz egiten du udalak bere garaian onartu zuen Ordenantza Zibikoak, 48. artikuluan. Besteak beste, esaten du urtero eman behar duela kontu udalak gai horren inguruan onartutakoei buruz, eta ekainaren 15ean beteko denez urtebete korporazio berria lanean hasi zenetik, jeltzaleek jakin nahi dute horrelakorik egingo den ala ez. Alkateak erantzun die begiratuko duela gaia, eta informazioa emango diela.

Zaldibarko zabortegian gertatutakotik abiatuta –luizi baten azpian jarraitzen dute bi langilek otsailaren 6tik, eta zabortegiak sua hartu zuenez, dioxina eta furano maila handiak atzeman zituzten inguruko herrietan–, EH Bilduk galdetu dio Udal Gobernuari ea Zubietako Erraustegian antzeko zerbait gertatuko balitz, ba ote dakien edo ba ote daukan protokolorik garatuta Lasarte-Oriako herritarrentzako, azpiegitura hori udalerrian ez badago ere, "eragin-eremu bete-betean" dagoelako. Erraustegiak isurtzen dituen dioxina eta furanoen kontrol mota eta maiztasunari buruz ere galdetu dio, ea ba ote dakien enpresa kudeatzaileak noiz eta nola egingo dituen –legeak hala jasotzen du–. Alkatearen hitzetan, Eusko Jaurlaritzari eskatu ahal dio udalak neurketa horiei buruzko informazioa, legeak horrela eskatzen badu. Protokoloaren inguruan, udalak diseinatuta dauka bat, baina ez daki zehazki gisa horretako ekintzarik jasota ote dagoen. 

Kultura eta kirol elkarteen jardunari eta udalarekin dauzkaten hitzarmenei buruz ere galdetu dio EH Bilduk Udal Gobernuari. Txus Alonso zinegotziak erantzun die, esanez elkarteekin "harremanetan" daudela etengabe, eta kontziente direla euren egoera ziurgabeaz, udalarekin hitzarmenak dituztenenaz batez ere. "Zirriborro bat pasa genien bere garaian, eta pandemiaren bilakaera nolakoa izango den ikusi nahi dugu, jakiteko zer egin dezaketen eta nola". Datorren asteazkenean bilera bateratu bat egingo du Gazteria, Festak eta Kirolak batzordeak elkarteekin. EAJko bozeramaile Jon Antxordokik, Euskara batzordeko burua ere badenak, gehitu du bere alorreko hitzarmenak lantzen hasiak direla elkarte desberdinekin, eta proposamenak aztertzen ari direla.