Udal korporazio berriak ez dauka antz gehiegirik aurreko legealdikoarekin. Aurpegi berri ugari ikusi dituzte herritarrek gaurko udalbatzarrean: David Mateos eta Nagore Duran (PSE-EE); Jon Martin, Uxue Loinaz, Joxe Pikabea eta Estitxu Garmendia (EH Bildu); Boris Nogales (EAJ; lau urte eta gero bueltatzen da); eta Tania Rodriguez (Elkarrekin Podemos). Hamazazpitik zortzi, ia erdiak. Alkatea, ordea, 2015-2019 legegintzaldiko berbera izango da: Jesus Zaballos sozialista. "Herriko alkate izatea inoiz izango dudan ohorerik handiena da", adierazi du aginte makila jaso eta berehala.
Ez da ezustekorik egon bozketan. PSE-EEk eta EAJk akordioa egin dute EAEko diputazio eta herrietan agintzeko, eta Lasarte-Orian mantendu egin dute. Hortaz, zenbakiek ez dute eman gobernu alternatibo bat eratzeko. Dena den, EH Bilduk Jon Martin aurkeztu du alkategai, asteon iragarri bezala, eta lau bozka jaso ditu. Zaballosek, berriz, zortzi. Elkarrekin Podemoseko David Aresek bi, eta zuriak izan dira beste hiruak.
Alkatea aukeratu baino lehen, adineko mahaia eratu du Xabier Egea idazkariak. Lourdes Acevedo (PSE-EE) izango da zinegotzi zaharrena, eta Uxue Loinaz (EH Bildu) gazteena. Horren ostean, banan bana deitu dituzte zinegotzi guztiak, lepokoa jaso zezaten.
Proiektu "plurala"
Alkate izendatua izan eta gero, Jesus Zaballosek hartu du hitza. Nabarmendu du parekidea izango dela udal korporazioa, eta horrek erakusten duela ez dagoela "kristalezko sabairik" udalean emakumezkoentzat. "Berdintasuna izango da egiten ditugun politiken ardatza". Espero du hasi berria den legealdian mantentzea korporazioko kideen arteko "lan giro eta harreman ona".
Aurreratu du zein izango den alkate bezala egingo duen aurrenetako gauza: proposatuko die zinegotziei kode etiko bat sinatzea, 2015-2019 legegintzaldian egin bezala. "Herritarrek konfiantza izan behar dute gugan". Zaballosek gidatuko du udal proiektua: "plurala" izatea nahi du, eta ahalik eta adostasun zabalenak lortzea. "Anbizio handiko egitasmoa garatu nahi dugu, baina errealista ere bai". Adierazi du "gardentasuna" izango dela zutabeetako bat.
Udal korporazioko kideak
Hamazazpi pertsona ariko dira herriaren alde lanean datozen lau urteetan. Hauek dira:
- Jesus Zaballos, Lourdes Acevedo, Agustin Valdivia, Maite Iglesias, Nuria Fernandez, Txus Alonso, David Mateos eta Nagore Duran (PSE-EE)
- Jon Martin, Uxue Loinaz, Joxe Pikabea eta Estitxu Garmendia (EH Bildu)
- Jon Antxordoki, Boris Nogales eta Estitxu Alkorta (EAJ)
- David Ares eta Tania Rodriguez (Elkarrekin Podemos)