500.000 euroko diru laguntza, merkatariei, ostalariei eta zerbitzu pertsonalei laguntzeko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 3a, 12:56

Lasarte-Oriako Udalak merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduek COVID-19aren ondorioz jasandako kalteak arintzeko bideratuko du diru laguntzaren oinarriak onetsi ditu. Astearte eguerdian eman dute horren berri Agustin Valdivia alkateak eta Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeburuak

Lasarte-Orian soldatapeko gehienez 15 langile dituzten merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduentzako bideratuko den diru laguntzaren oinarriak aurkeztu ditu udalak. Diru laguntza horien barruan, bi lerro bereizi dituzte, eta osasun krisiak bakoitzaren negozioan izandako eraginaren arabera eskatu ahal izango da bat edo beste. Lehen lerroa, autonomoen jarduera eten dutela egiaztatzen duten establezimenduentzat edo apirilean diru sarrerak % 75 baino gehiago murriztu zaizkienentzat (alarma-egoeraren aurreko sei hilabeteen batez bestekoarekin alderatuta) zuzenduta dago. Bigarrena, berriz, diru sarreren murrizketa % 50 eta % 75 artekoa izan duten establezimenduentzat.

Gainera, oinarrizko diru laguntzek osagarriak ere izango dituzte. Horiek eskuratzeko, zenbait baldintza bete beharko dira.

Alkateak jakinarazi duenez, udalaren diru laguntza hori bateragarria da erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozeinekin.

Diru laguntzen kopurua

Aurrez esan bezala, bi diru laguntza lerro bereizi dituzte. Lehen lerroaren oinarrizko kopurua 750 eurokoa izango da eta bigarren lerroaren oinarrizko kopurua, berriz, 500 eurokoa.

Kopuru horiei, ordea, osagarriak gehitu ahal izango dizkiete, baldintzak betetzen badituzte. Hauek dira gehitu daitezkeen osagarriak eta baldintzak:

  • 200 euroko osagarria baldin eta onuradunak jarduerarako darabilen negozio-lokala errentan badauka, edota jarduerarako negozio-lokala erosteagatik hipoteka mailegua edo mailegu pertsonala badu.
  • 100 euroko osagarria baldin eta enpresak soldatapeko bat eta bost langile artean baditu, edo 200 euroko osagarria, baldin eta enpresak soldatapeko sei eta hamabost langile artean baditu. Baldintza horretarako laguntzaren onuraduna ez dute kontuan hartuko.
  • 150 euroko osagarria, baldin eta langile taldean soldatapeko langileen %50a gutxienez emakumeak badira.

Eskaerak aurkezteko epea

Laguntzen eskaerak aurkezteko epea horiek onartu eta hurrengo egunean hasiko da, betiere haien erakustaldi publikotik ateratzen den arte baldintzatua eta deialdiarekin batera GAOn argitaratu ondoren jarriko da behin betiko indarrean, eta alarma-egoeraren amaiera deklaratu eta ondorengo 30 egun naturaleko epean amaituko da.

Eskaerak aurkezteko modua

Diru-laguntzen eskaerak I. eranskinean jasotako ereduan aurkeztu beharko dira,  Mirentxuko ekitaldi-aretoan horretarako sortu dituzten bulego fisikoetan (sarrera laranjondoen patiotik). Horretarako, 628 694 138 telefono zenbakira deituta hitzordua eskatzea ezinbestekoa izango da, eta edozein kontsulta egiteko ere bertara deitu dezakete interesatuek. Azpimarratu dute ez dutela inor artatuko aldez aurreko hitzordurik gabe.

Modu telematikoan ere aurkeztu ahalko dira eskaerak, udalaren webgunearen bidez: www.lasarte-oria.eus.

Beharrezko dokumentazioa

Eskaera-inprimakiarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Norberaren kontura ari den langilearen edo autonomoaren NANa/AIZ, edota, laguntza enpesa batentzat eskatzen denean, enpresaren IFK edo enpresa eratzeko eskritura.
  • Zinpeko adierazpen bat, non adieraziko baitu prestazio honetarako eskubidea izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.
  • Enpresa ixteagatik eskatzen bada, Langile Autonomoen Jarduera Etetearen ebazpena (CATA).
  • Diru-sarreren galeragatik eskatzen badu, hori justifikatzen duen kontabilitateko informazioa aurkeztu beharko du, une horretan eskuragarri badago.
  • Ea eskatzaileak eskuratu duen Estatuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo beste edozein erakunde publikok iragarritako ezohiko laguntzen edo diru-laguntzen beste lerroren bat.

Gastuaren justifikazioa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa

Justifikazioak 2020ko urriaren 15era arte aurkeztu ahalko dira, eskaerarako egindako prozedura berari jarraituz, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte interesatuek, eskaera egin den unean aurkeztu ez badituzte

  • Jaulkitako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia; diru-sarreren eta gastuen liburu egunkariarena; salmenten eta sarreren erregistro-liburuarena; edo erosketen eta gastuen liburuarena. Aipatutako kontabilitate-agiri horiek eramatera behartuta ez dauden autonomoen kasuan, zuzenbidean onartutako edozein frogabide onartuko da. 1. lerroko eskaeren kasurako, baldin eta eskatzaileak eskuratu badu Estatuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo beste edozein erakunde publikok iragarritako ezohiko laguntzen edo diru-laguntzen beste lerroren bat, eta laguntza jaso ahal izateko eskatutako baldintzak (jarduera ixtea edo diru-sarreren % 75 edo gehiago galtzea), osorik edo parte batean, bat badatoz hemen eskatzen direnekin, nahikoa izango da erakunde horietatik dagokion laguntzaren kontzesioa jaso izanaren sinestamenduak aurkeztea, argi eta garbi identifikatuz laguntzen edo diru-laguntzen lerroa, laguntza ematen duen organoa eta horretarako eskatzen diren baldintzak. Kasu honetan, ez da beharrezkoa izango aipatutako liburuak edo adierazitako beste edozein frogagiri aurkeztea.
  • Eskatutako laguntzaren osagarrietarako:
    1. Jarduerarako darabilen negozio-lokala errentan edukitzeagatik:
    2. Negozio-lokalaren errenta kontratua eta jarduera itxi aurreko  azken bi hilabeteetako fakturak eta  frogagiriak.
    3. Jarduerarako darabilen negozio-lokala erosteagatik hipotekazko mailegua edo mailegu pertsonala izateagatik.
    4. Jabetzako eskriturak eta hipotekazko maileguaren edo mailegu pertsonalaren formalizaziokoak, bai halaber jarduera itxi aurreko azken bi hilabeteetako kuoten  frogagiriak.
    5. 2020ko martxoaren 14n dituen langileen kopuruarengatik: 2020ko otsaileko langileen zerrenda izenduna (aurreko TC2).
    6. Soldatapeko langileen %50 gutxienez emakumeak diren kasurako, enpresako langileen zerrenda, NANa

Bilera askoren eta lanketa sakonaren emaitza

Alkateak adierazi du apirilaren 1etik, Aterpearekin hasierako proposamenak jasotzeko lehen bilera egin zuenetik, hiru bilera egin dituztela merkatarien elkartearekin, beste hiru Ostalaritzako Elkartearekin eta bi bilera bi elkarte horiekin batera. Horrez gain, bozeramaileen batzordeak astero, udaleko talde politikoen eta teknikarien arteko bilera bat eta batzorde bat egin dutela ere jakinarazi du: "Bilera horietan, sektoreak egindako eskaerak eta gure ahalmenen arabera jarduteko proposamenak jaso dira, horien berri emanaz".

Bilera horietako eskaerei erantzunez sortu dituzte diru laguntzaren oinarriak. Argitu dute, hasierako zenbatekoa 125.000 eurokoa zela, eta horri 375.000ko sorta gehituta, 500.000 euroko diru laguntza osatu dutela.

Horrekin batera, ostalaritzako terrazei % 100eko hobaria aplikatzeko erabakia ere hartu dutela esan du, eta ahal izan den guztietan terrazen kopurua eta okupazioa ere handitu egin dela, "50 establezimendu baino gehiagori erantzuna emanez".

Eskaera bakarrari ezin erantzun

Kale Nagusia asteburuetan terrazak jartzeko trafikoari ixteko eskaerari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundian gestioak egin ditu udalak baimena lortzeko, baina “ezinezkoa” gertatu da. Azaldu dute, herri arteko garraio-zerbitzuan "ondorio handiak" sortuko lituzkeela ibilbidea arriskutsua delako, geraleku batzuk bertan behera geratuko liratekeelako eta autobus artikulatuak erabili behar direlako zerbitzuaren erabiltzaileei behar bezala erantzuteko. Arrazoi horiek kontuan hartuta, “bideraezina” gertatu da eskaera hori.