Pasa den astean egin bezala, bigarren aldiz elkartu dira lasarteoriatarrak asteon, Teresategiren ipar magalean eraiki asmo duten Leroy Merlin merkatalgunearen aurka mobilizatzeko. Lehen elkarretaratzean baino herritar gehiagok egin dute bat asteazkeneko hitzorduarekin, eta segurtasun neurriak errespetatuz, bertako merkataritzaren alde aldarrikatu dira.
Iragan asteko lehen elkarretaratzean, eskaera bat egin zieten protestako parte hartzaileek herritarrei; lasarteoriatarren ahotsa "politikarien belarrietara" iristeko helburuarekin, ahalik eta gehien hitz egin zezatela gaiaz. Horrela, politikariek hausnartu eta Leroy Merlin eraikitzeko proiektua atzera botako zutelako esperantzaz.Momentuz, ordea, ez dute nahi hori lortu. Hain zuzen ere, ostegun arratsaldean egingo den ekaineko ohiko udalbatzarrean behin betiko onetsi asmo baitute Lasarte-Oriako arau subsidiarioetako A.33 Teresategi eremuari eta Donostiako AN.10 Rekalde (II) eremuari eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari dagokienez, Lasarte-Oriako eta Donostiako udalerriak bateragarri egiteko plana.
Azaldu dutenez, "ziur" dauden mezua iritsi dela herritarren belarrietara, Lasarte-Oriako biztanleek gaiaz hitz egin dutelako, eta besteak beste, merkatalgunea non eraiki behar duten, edota bertan zer salduko duten galdetu baitute.
Herriko merkatari txikiek ateak zabaltzen dituztenean, herritarrak, lehen aldiz,"kuriositatez" gerturatzen direla azpimarratu dute, baina horrez gain, animoak ematera ere bai: "Komunitatean sartu berri den hori gure egiten dugu, eta joan-etorriko harreman bat abiatzen da". Ohartarazi dute, multinazionalekin ez dela "zuzeneko harreman" hori gauzatzen: "Ez dugu gure komunitatekotzat sentitzen".
Lanpostuak "ordezkatu"
Leroy Merlinek lanpostu berriak sortu baino, ordezkatu egingo dituztela uste dute elkarretaratzean bildutako herritarrek: "Baina merkatalgune handi horrek inguruko merkatari txikiengan izango duen eraginaz ez dira ahaztu. "Arrain handiak arrain txikia" jango duela uste dute: "Inor engainatu beharrik ez dago, matematika hutsa da; lanpostuak ordezkatu egingo dira hein handi batean".
Periferiako merkatalgune handiak eraikitzeko estrategia "minuskulaz idazten den ekonomiarekin, gertutik gertukoarekin, pertsonengan oinarritzen denarekin eta elkartrukatzea eta elkarlaguntza sustatzen duenarekin ez dela bateragarria azpimarratu dute.
Erantzun kolektiboa
Gaiarekiko koherentzia falta sumatuta elkarretaratzetara gerturatu ez diren herritarrei ere helarazi diete mezu bat: "Kontraesanak sortuko zituen, guztiok kontsumitu dugu horrelako lekuren batean, baina ez gaitezen nahastu, ez dezagun bizi garen hiri eta kontsumo ereduaren zama guztia geure gainean jarri; ez da borondate kontua soilik".
Horregatik erantzun dute "kolektiboki"; alde batetik, tokiko ekonomia osatzen duten "arrain txiki guztiek arrain handiari aurre egiteko gai direlako, eta bestetik, berriz, udalari guzti honek herritarren egunerokoan eragina izango duela zaldu eta atzera egin dezala adierazteko".
Ostegun arratsaldeko udalbatzarrari begira, "ahaleginak biderkatzeko" eta entzutea nahi dutena "inoiz baino ozenago" adierazteko deia eginez amaitu dute elkarretaratzea. Horrekin batera, eskerrak eman dizkiete mobilizazioarekin bat egin dutenei: "Animo eta segi horrela, gure helburua lortu edo ez, ez burua makurtu, argi baitago bidea hau dela".