Festen batzordea osatzen dutenek "aho batez" deliberatu dute aurtengo sanpedroak ez ospatzea: "Normaltasun berrira iristeko bermerik ez dago, eta, iritsita ere, ez dakigu zer nolako baldintzak ezarriko dizkieten festa ekitaldiei". Ekainaren 29a da San Pedro eguna; egitarau ofiziala egun bat lehenago hasten da normalean, eta uztaila hasieran bukatu. 2020an, ordea, ez.
Dena den, udalak ez du baztertzen, "beharrezko baldintzak betetzen direnean", festetako "jarduera tradizional batzuk" ospatu ahal izatea. Ez du zehaztu zeintzuk izan daitezkeen. Udalak martxo hasieran ekin zien 2020ko sanpedroak prestatzeko lanei, eta dirulaguntzen deialdia eta kartel lehiaketa martxan jarri zuten. Jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu badu ere, zehaztu du diru partida bat gorde nahi duela aurtengo aurrekontuetan, festa-jardueraren bat egin ahal izateko. "Neurri horren helburua da gure espazio publikoak biziberritzea, merkataritza eta ostalaritza sustatzeaz gain".
Sorgin Jaiak ere bertan behera
Sorgin Jaiak antolatzen dituen batzordeak duela hiru aste iragarri zuen jai alternatiboak ez zituela "ohiko moduan" ospatuko aurten; bertan behera utzi zuten ekain amaierarako prestatzen ari ziren egitaraua. "Gurea ez ezik, herritar guztien segurtasuna eta ongizatea bermatu nahi ditugu. Hori da arduratsua izatea, eta, horregatik, prest gaude erantzukizuna gure gain hartzeko". Nabarmendu dute momentua dela "elkarren zaintza erdigunean" jartzeko. "Koronabirusak eragindako egoerak lezioren bat eman badigu, hori izan da". Beste mota bateko ekintzak nola egin aztertze ari dira asteotan, bide desberdinak erabiliz.
Datak aurreratuta, bada itxialdiak iraun bitartean herriko festak leiho eta balkoietan ospatu dituen auzorik. Iñigo de Loiola kalean, esate baterako. Apirilaren 19an San Pedro Window ekimena egin zuten, txupinazo, danborrada eta guzti. Ikusteke dago ekain amaieran ere herritarrek antzeko ekimenik egingo ote duten edo ez.