"Atsekabe eta ardura handiz", eta "asko" eztabaidatu ostean, Sorgin Jaien antolakuntza batzordeak erabaki du bertan behera uztea ekainaren 25etik 29ra antolatzen ari ziren egitaraua. "Gurea ez ezik, herritar guztien segurtasuna eta ongizatea bermatu nahi ditugu. Hori da arduratsua izatea, eta, horregatik, prest gaude erantzukizuna gure gain hartzeko". Nabarmendu dute momentua dela "elkarren zaintza erdigunean" jartzeko. "Koronabirusak eragindako egoerak lezioren bat eman badigu, hori izan da".
Erabaki "definitiboa"
Hartu eta iragarri duten erabakia behin betikoa dela adierazi dute antolakuntzako kideek: "Herritik eta herriarentzat egindako festak dira gureak, eta horregatik nahi dizuegu mezu hau ahalik eta lasterren bidali. Lasarte-Oriako Udalak hartzen duen erabakia hartzen duela ere, Sorgin Jairik ez da izango aurten. Erantzukizunez eta arduraz jokatzeko unea da, ez erabakiak azken unera arte luzatu eta herritarren ziurgabetasuna elikatzeko". Lasarte-Oriako Udalak sanpedroekin hartzen duen erabakia hartzen duela, Sorgin Jaien egitaraua "bertan behera" geratu da.
Iragarri dute, erabaki hori hartuta ere, ez daudela geldirik: hasi dira pentsatzen ospakizunen bat egitea ekain amaieran, edo, bestela, "urteko beste egun batzuetan elkarrekin topa" egitea. Bi bide ireki dituzte egiten ari ziren lanketarekin jarraitzeko: batetik, eztabaidarako foroak sortu nahi dituzte, "gazte ikuspegitik" askotariko gaiei heltzeko; bestetik, bideo erronka batzuk zabalduko dituzte. "Herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditugu". Bi bide horiek uztartu nahi dituzte, eta "horrenbeste urtetan lortutakoa" ez ezabatu.
[HARIA] Atsekabe eta ardura handiz, Lasarte-Oriatar guztiei aurtengo Sorgin Jaiak betiko moduan EZ ospatzea erabaki dugula jakinarazi nahi dizuegu. ???????? pic.twitter.com/ZXkvba3Opg
— Sorgin Jaiak (@Sorgin_Jaiak) April 24, 2020