Hiru hilabete pasatxo geratzen dira San Pedro jaietarako. Kartel baten bidez iragarri ohi ditu festak udalak: martxan jarri du irabazlea aukeratzeko lehiaketa. Martxoaren 20a izango da lanak aurkezteko azken eguna, ostirala. Irabazleak 600 euro poltsikoratuko ditu.
Lanek orijinalak izan behar dute; beste edozein lehiaketatan sarituak izan badira, ezingo dira aurkeztu. San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2020 goiburua inprimatuta eduki behar du kartelak. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake lehiaketara, formatu digitalean zein fisikoan. Helbide elektroniko bat jarri du herritarren eskura udalak, lanak euskarri digitalean bidali nahi dituztenentzat: sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu. 50x70 zentimetroko tamaina eduki behar du, JPG formatua, eta 300 pixel hazbeteko. Formatu fisikoko lanak Gaztelekuan aurkeztu behar dira, asteartetik larunbatera, 12:00etatik 21:00etara. Udalak web orrialdean ikusgai jarriko ditu kartelak. Udaleko Gazteria eta Festak batzordeak hautatutako epaimahai batek baloratuko ditu; herritarren iritzia ere kontuan hartuko dute.