Nahikoa diru bilduta, martxan jarriko dute erraustegiaren eraginari buruzko ikerketa

Txintxarri Aldizkaria 2019ko azaroaren 14a

Errausketaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du 26.000 euro baino gehiago bildu dituela honezkero, Zubieta Lantzen elkarteak sustatutako ikerketa finantzatzeko: erraustegiaren isurkinen eragina neurtuko dute ToxicoWatch fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa euskaldun batek. "Egitasmoa ordaindu ahal izateko finkatutako kopuruak gainditu ditugu".

Martxan jarriko dute erraustegiaren isurkinen eragina neurtzeko ikerketa, Zubieta Lantzen elkarteak irail hasieran iragarritakoa. EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du 26.384 euro –azaroaren 9ko datuak dira, mugimendu horren azken batzarrekoak– jaso dituztela honezkero, crowdfunding-aren eta beste mota batzuetako ekarpenen bidez. "Aurrez finkatutako kopuruak gainditu ditugu". Gogoratu dute igo egin direla kostu totalak, ToxicoWatch fundaziokoek iradoki zutelako interesgarria litzatekeela erraustegiaren inguruko emakumeen bularreko esnea ere aztertzea, proiektua Herbereetan aurkeztu ostean. Lasarte-Oria, Usurbil eta Andoaingo 39 amek parte hartu dute.

Zero puntua zehazten ari dira ikerlariak orain, erraustegia martxan jarri aurreko datuak biltzen, noizbait piztuko balute datu batzuk eta besteak alderatzeko. "Etorkizuneko kontrolena izango da informazio baliotsuena", adierazi dute EAMko kideek. Herritarrek eta eragileek egitasmoari egindako ekarpena ere eskertu dute: "Indarberritu egin gaitu, lanean aurrera egiteko".

Ikerketa abiatzeko bildutako diru-kopuruaren berri emateaz gain, mugimendu horretako kideek azpimarratu dute hondakinak erraustea "oso txarra", osasunarentzako eta ekonomiarentzako. "Gezurrak gezur izaten segitzen du, mila bider errepikatuta ere: zaborra erretzea ez da ona". Bide batez, dei egiten diete herritarrei etorkizunean antolatuko dituzten mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzera.

Protesta ekitaldia Donostian

Asteon egin du EAMk ekintza horietako bat. Plataforma horretako hainbat kide eta herritar elkartu ziren asteazkenean Gipuzkoa plazan, erraustegia ez piztea galdegin eta Gipuzkoako Foru Aldundiak informazioa ezkutatzen duela salatzeko. "Prozesu osoa hasieratik izaten ari da iluna; haiek nahi duten informazioa, haiek aukeratzen dituzten komunikabideetan agertzen da". Aipatu zuten baita ere diputazioak iragarri zuela aurtengo udazkenean jarriko zutela martxan azpiegitura hori, baina atzeratu egingo dela. "Prentsan agertu da transformadore baten matxurak atzeratu egingo duela erraustegia piztea; beste iturri batzuen arabera, bertan lanean ari den enpresa batek lanen irregulartasunak konpontzea eskatu du".