Erraustegitik kilometro gutxitara kokatutako oilategi batean −bertatik ikus daitezke azpiegituraren zati bat eta bi tximinia− aritu dira lanean gaur goizean Toxico Watch fundazioko kide Kirsten Bouman eta Abel Arkenbout. Hainbat lagin hartu dituzte, gero laborategian ikertzeko: arrautzak, oiloek jaten duten pentsua, animaliek zapaltzen duten lurra, belarra eta oilategitik gertu zegoen gorosti bateko hosto batzuk. Atzo hasi ziren ikergaiak biltzen; ostegunean jarraituko dute. Euskal Herriko enpresa batek egun horretan aztertuko ditu erraustegiaren inguruko hainbat gunetako lurra eta ura. Zubieta Lantzen kultur eta kirol elkarteak kontratatu ditu ikerlariak. "Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia martxan jartzea erabakitzen badu, urtero-urtero hartuko ditugu laginak", nabarmendu du elkarteko kide Felix Olaetxeak. "Oso garrantzitsua da ikerketa horiek orain egitea, azpiegitura hondakinak errausten hasi baino lehen".
Lasarte-Oriako eta Usurbilgo bina gunetan, Zubietan, Donostian, Andoainen, Urnietan, Añorgan eta Hernanin identifikatu dituzte laginak hartzeko hainbat oilategi eta toki. Esan bezala, ikerlariek asteon hartuko dute beharrezko material guztia, eta laborategietara eraman gero, tentuz aztertzeko. "Gardena eta inpartziala" izango da prozedura, Toxico Watch-eko kideek eta Olaetxeak azpimarratu dutenez. Herritarrei, agintariei eta datuak eskatzen dizkien pertsona orori bidaliko dizkiete. Prentsara ere bidaliko dituzte. Ez dakite zenbat urte barru ahalko duten ikusi erraustegiaren isurkinek zenbateraino eragingo duten ingurumenean, baina estimatzen dute "hiruzpalau urtean" eduki ditzaketela datu dezente.
Laginak tentuz hartzen
Goizeko hamarrak pasatxo hasi dira lanean Bouman eta Arkenbout. Kazetarien galderei erantzun diete hori baino lehen. Azaldu dute 2013an hasi zela lanean Toxico Watch fundazioa, eta makina bat ikerketa egin dituztela ordutik. "Punta-puntakoak zirela esaten zuten erraustegietan ere topatu ditugu isurkin toxikoak eta metal astunak". Dioxinak, furanoak eta ingurugiroa kutsatzen duten sustantzia iraunkorrak −POP deiturikoak− aztertzen dituzte. Ikerlariek zehaztu dutenez, grasa askoko elikagai eta antzekoetan errazagoa da sustantzia horien metaketak topatzea, eta azal lodi eta sendoko hosto eta landareetan ere bai −gorostien hostoetan, esate baterako−.
Zubietako oilategi batean erakutsi dute nola lan egiten duten. Hamar arrautza bildu dituzte aurrena. Oilategia zaintzen dutenek ukitu gabekoak izan behar zuten, ikerketa ahalik eta zehatzena izate aldera. Belarra hartu dute, eta han bizi diren 23 oiloek zapaltzen duten lur zati batzuk. Pentsu ale batzuk ere gorde dituzte plastikozko poltsetako batean. Bukatu aurretik, oilategitik metro batzuetara zegoen gorosti bateko hostoak hartu dituzte.
Zubieta Lantzenek abiatu duen ikerketa "aitzindaria eta berritzailea" da estatu mailan. "Inoiz ez da horrelakorik egin orain arte", azpimarratu du Olaetxeak.