ELKARRIZKETA

"Ikerketaren berri izan eta berehala erabaki genuen parte hartzea"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko aza. 8a, 11:00
Yune Moreta eta Lorena Ciria dira ekimenean parte hartu duten Lasarte-Oriako hemeretzi ametako bi.

YUNE MORETA ETA LORENA CIRIA - ESNE LAGINAK EMAN DITUZTEN AMETAKO BI

Zubieta Lantzen elkarteak erraustegiaren isurkinen ikerketa proiektua abiatu du berriki: datuak bildu nahi ditu, azpiegitura hori martxan jarri aurretik, egunen batean piztuz gero, urteroko emaitzak alderatu ahal izateko. Besteak beste, amen esne laginak jaso dituzte. Lasarte-Oriako hemeretzi amek parte hartu dute proiektuan. Horietako bi dira Yune Moreta eta Lorena Ciria.

Zero momentua delakoan gaude: Zubietako erraustegia hondakinak erretzen hasi aurreko egunetan eta hilabeteetan, antza denez, azpiegitura hori martxan jartzea  atzeratu egin behar izan duelako GHK partzuergoak, matxura bat tarteko –BERRIA egunkariak eman zuen horren berri aurreko astean–. Lanak bukatuta egonda ere, hondakinak kudeatzeko eredu eta azpiegitura horren aurka dauden herritarrek tinko segitzen dute borrokan. "Autodefentsa neurri bat" jarri du martxan Zubieta Lantzen elkarteak berriki:  ikertuko ditu erraustegiaren isurkinak, pizten baldin badute, "urtero-urtero", Herbereetako ToxicoWatch fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa baten laguntzaz. 

Irailean zehar hartu dituzte laginak ToxicoWatcheko kide Kirsten Bouman eta Abel Arkenboutek: arrautzak, landareak, lurra eta ura. Zubietan, Usurbilen, Andoainen, Hernanin, Donostian, Añorgan, Urnietan eta Lasarte-Orian egin dute lan. Bueltatu ziren Herbereheetara, eta aurkeztu zioten egitasmoa laborategiari. Erantzun "oso ona" jaso zuten bueltan, Zubieta Lantzeneko kide Maider Usabiagak zehaztu duenez. "Esan zieten are interesgarriagoa izan zitekeela proiektua amen esne laginak bilduz gero". 

Herriko hemeretzi boluntario

Usabiaga izan da esne-laginen jasotzea bideratu duen kideetako bat. Usurbildarrak dira bera eta Itxaso Muguruza; azken hori ere bideratzailea da. Boluntario bila herri horretan hastea erabaki zuten. "Hasieran, espero genuen hiru bat ama biltzea; hamabi lortu genituen!", zehaztu du Muguruzak. Indarra eman zien horrek eskualdeko beste herri batzuetan saiatzeko: Lasarte-Orian eta Andoainen. Hemeretzi eta zortzi pertsona animatu dira, hurrenez hurren. Usurbilgo hamabiekin, 39. "Urrian egin dugu dena, bizpahiru astetan: intentsoa izan da, baina oso pozik gaude; bikain erantzun dute amek", zehaztu du Muguruzak.

Herriko edoskitze taldearekin harremanetan jarri ziren Usabiaga eta Muguruza. Antolatu zuten aurkezpen bat, ekimenaren berri emateko. Azalpenak entzuten ari zen bitartean erabaki zuen Lorena Ciriak parte hartuko zuela: "Beldurra eta ezinegona sentitzen dut erraustegiarekiko; ederra izan da nire ekarpentxoa egin ahal izatea, jakin ahal izateko zenbateraino izan daitekeen kutsagarria". Berak eman zien proiektuaren berri edoskitze taldeko gainontzeko amei, Whatsapp bidez; talde bat daukate aplikazio horretan. "Asko lagundu digu Lorenak ekimena zabaltzen", azpimarratu dute bi bideratzaileek. 

Mezuak irakurri eta segituan animatu zen parte hartzera Yune Moreta. "Ez nuen bi aldiz pentsatu". Uste du "garrantzitsua" dela bakoitzak ahal duen eran parte hartzea: "Nahiz eta jende asko kontran egon, erraustegia egin dute; azpiegitura hor dago, baina laginak ikertu eta geroko datuak eskuetan edukitzea garrantzitsua da". 

Zubieta Lantzenen ikerketa proiektuaren berri izan eta berehala, honakoa galdetu zuen Ciriak: "Eta honekin, itxiko al dute erraustegia?". Usabiagak eta Muguruzak segituan erantzun dute, gertakizun hori oroitzean: "Oxala!". Moretak azpimarratu du azpiegitura hori hondakinak erretzen hasi aurretik datuak edukitzearen balioa: "Erabakitzen duzu zure haurrari bularra ematea uste duzulako hori dela osasuntsuena, baina arnasten dugun airea ez bada garbia... Jakin behar dugu nola eragin dezaketen erraustegiaren isurkinek gure esnearen kalitatean, eragina dutela frogatzen bada".

Ikerketaren balioa nabarmendu dute Usabiagak eta Muguruzak: "Erraustegi bat martxan jarri aurreko datuak aztertu eta bildu ahalko ditugu; mota horretako ikerketa proiekturik ez da egin lehenago Europa ekialdean". Zehaztu dute ikerketaren emaitzak jasotzean aurkeztuko dituztela datuak, eta "urtero" elikatu beharko dutela egitasmoa: lagin, neurketa eta emaile berriak beharko dituzte. Amen kasuan, aurten parte hartu dutenek egin ahalko dute hori berriro, esnea baldin badaukate. "Aukera edukiz gero, errepikatuko dugu", esan dute Ciriak eta Moretak. 

Lasarte-Oriako, Usurbilgo eta Andoaingo 39 amek parte hartu dute egitasmoan

Esne laginak eta inkestak

Urriko azkeneko astean jaso zituzten bideratzaileek Lasarte-Oriako hemeretzi ama horien esne laginak. "Asteartean azaldu genien esnea nola atera, eta lagina gordetzeko tutuak eman; hurrengo egunean jaso genituen", gogoratu du Muguruzak. Asteon bidaliko dituzte Herbereetara, izoztuta  –hogei gradu zero azpitik–. Ciriak eta Moretak oroitu dute astearte gau horretan tutua bete izan behar izan zutenekoa. "Eskatzen zuten kantitatea ez zen gehiegizkoa: hamar mililitro. Horrek lasaitu egin zituen zenbait boluntario, ohituta ez dauden amentzat ez delako erraza esnea ateratzea". Esnea ateratzeko tresnen bidez bete zituzten tutuak bi herritarrek. "Maiatzetik ez nuen erabiltzen", esan du Moretak. Egun horretan "bero asko" egin zuela oroitu du, eta jelak jarri zizkiola laginari, desizoztuko ote zen beldurrez. 

Tutuak eman zituzten egunean, inkesta bat bete zuten ama guztiek. Galdetegiak ere ToxicoWatch fundaziokoek bidali zizkieten bideratzaileei. "Galdera ugari planteatu dituzte: kontsumitzen ote dituzten zonaldeko elikagaiak; errepide edo industria-gune baten ondoan bizi diren edo ez; erabiltzen al dituzten produktu sintetikoak, kremak... Ez da izan soilik amen esnea biltzea, bakoitzaren bizimoduari buruz hausnartzeko bide eman du ariketak", zehaztu du Usabiagak. Inkestetan jasotako erantzunekin eta esne laginekin, ikerlariek profil desberdinak sortuko dituzte, horien jarraipena egiteko urtero. "Erraustegiaren isurkinek alda ditzakete datuak; gure bizitza ohiturek ere bai".

Azken gai horri buruz ere luze eta zabal hitz egin dute amek eta bideratzaileek, Txintxarrirekin izandako solasaldian. Adibidez, birziklatzeari buruz. "Ezinbestekoa da hori egitea, nire iritziz", adierazi du Moretak. "Gure haurrak duela gutxi etorri dira mundura; hazten doazen heinean, ikasi behar dute hori dela euren etxea, eta zaindu egin behar dutela". Ciria: "Nire semeari erakutsiko diot birziklatzen, bai edo bai". Ez naiz ahaleginduko nire esku dagoena egiten mundua zaintzeko; hemendik urte batzuetara hemen egongo ez naizenez... Moreta bere onetik ateratzen du sarritan entzuten duen esaldi horrek. "Ez dut ulertzen". Usabiagak eta Muguruzak entenditzen ez duten gauzetako bat da Lasarte-Oriako birziklapen-tasa baxua –2018ko datuen arabera, %46,63koa da–: "Oso gertu daukazue erraustegia; harritzekoa da". Birziklatzearena, besteak beste, "ohitura eta kultura kontua" dela uste dute. Atez ateko sistema daukate Usurbilen.

Asteon bidaliko ditu Zubieta Lantzenek esne laginak, izoztuta, Herbereetara

Erraustegia, "inposizioa"

"Gauza asko aukera ditzaket nire seme-alaben mesederako, baina ez zer arnasten duten. Mingarria da hori niretzat; erraustegia jartzearena inposizioa da". Garbi hitz egin du Usabiagak. Ttakuneneara etorri den beste bideratzaileak, Itxaso Muguruzak, honakoa gehitu du: "Zure onena eman nahi diozu haurrari, baina ez dakizu hala izango den. Martxan jartzen badute erraustegia eta frogatzen bada isurkinek eragina dutela esnearen kalitatean...".

Zubieta Lantzenek abiatu duen ikerketa proiektu independenteak neurtuko ditu erraustegiak isurtzen dituen metal astunak eta dioxinak nola metatzen diren bizirik dauden elementuetan. Eta nola neurtuko ditu Gipuzkoako Diputazioak emisio horiek?  "Badago sistema bat, AMESA izenekoa, neurtzen dituena isurkin horiek kadentzia konkretu batekin; laginketa automatikoak egingo lituzke erraustegiaren tximinietan", jakinarazi du Usabiagak. "Oso interesgarriak dira, eta datu argigarriak eman ditzake; Gipuzkoako Foru Aldundiak horren argi badu erraustegiak ez duela kutsatzen, hor dauka tresna. Borondatea behar da egiteko, hori bai". Diputazioak aukera hori "noizbait" aipatu izan duela oroitu du Usabiagak. "Galdu egin zen gero".

Borrokan jarraitzeko "grina"

Usabiagak eta Muguruzak nabarmendu dute esne laginen jasotzean parte hartu duten amek "borrokan jarraitzeko grina eta gogoa" erakutsi dituztela. "Urte mordoa daramagu erraustegiaren aferarekin; nekatuta egon arren, jarraitu behar dugu", adierazi du Usabiagak. Muguruza: "Piztear dago [erraustegia], baina ikusi ditugu 39 ama horiek, euren haurtxoekin besoetan; haientzako egin dute hau. Indar handia eman digu". Biek "asko" ikasi dute egitasmoa burutu bitartean. 

Euren haurrei bularra ematea ere izan da ikasketa prozesu bat Yune Moreta eta Lorena Ciriarentzat. Biek aitortu dute lagundu diela herriko edoskitze taldean egoteak. "Garrantzitsua da ikustea ez zaudela bakarrik; beste ama batzuek ere izan igaro dituztela fase desberdinak", adierazi du Ciriak. Hori uste du Moretak ere: "Ikusten duzu badakitela zertaz hitz egiten duten; babesa ematen dizu horrek". Ciria da orain taldean denbora gehien daramanetako bat; Moreta, aldiz, lehen baino gutxiagotan joaten da, lanean hasi delako eta haurra eskolara doalako. Dena dela, batzuetan biltzen da taldekideekin, kafe baten bueltan. Hemendik denbora batera, ikerketaren datuak eskuetan, eta egin duten ekarpenari esker, hitz egin ahalko dute erraustegiaren isurkinek esnearen kalitatean izan dezakeen eraginari buruz. Pizten badute.