13.000 euro baino gehiago bildu dituzte erraustegiaren isurkinen ikerketarako, oraingoz

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 11:00

Errausketaren Aurkako Mugimenduak irailean abiatutako diru-bilketa kanpaina bukatu da. Bete dute hasierako helburua: 13.000 euro baino gehiago biltzea -13.550 euro dauzkate-. Dena dela, amen esne laginak ikertzeak igo egingo du ikerketaren kostu totala, eta zabalik daude diru-ekarpenak egiteko bideak oraindik.

"Ikerketa proiektua garestia da, baina merezi duela uste dugu", nabarmendu du Zubieta Lantzeneko kide Maider Usabiagak. Irailean crowdfunding kanpaina bat abiatu zuen Errausketaren Aurkako Mugimenduak –Gipuzkoa Zutik, Donostia Bizirik, Hernanin Zero Zabor, Usurbil Zero Zabor, Andoaingo Ipar Haizea eta Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformek osatzen dute–. Hasierako helburua zen 13.000 euro biltzea; lortu dute, 13.550etik gora baitauzkate honezkero. Horri lotuta, Aire Garbiak postu bat jarri zuen urriaren 27an, igandea, diru bilketa horretan laguntze aldera.

Dena dela, amen esne laginak ikertzeak igo egingo du ikerketaren kostu totala, eta Zubieta Lantzenek gogoratu du posible dela oraindik ekarpenak egitea, kontu korronte honetan: ES45 2095 5069 06 1064132086. "Esan dezakegu lagin horiek aztertzeko adina diru egongo dela; biltzen dugun kopuruaren araberakoa izango da ikerketa horren xehetasun maila", jakinarazi du Usabiagak. Ikerketa "independentea" dela eta "borondate onenarekin" egingo dutela gogorarazi du Zubieta Lantzeneko kideak.