Ostegun honetan, Zubietako Errebote plazan egindako agerraldian eman dute berria; bi eragile kontratatu dituzte erraustegiaren kutsadura laginak aztertzeko. Nazioarteko fundazio bat (Toxico Watch) eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako Euskal Herriko enpresa bat (presioak saihesteko ez dute izenik eman) arduratuko dira kutsadura laginak hartu eta azterketak egiteaz. Irailean egingo dituzte neurketa horiek, horrela, aldundiak erraustegia piztuko balu, datozen hilabeteetan jarraipena egin, eta emaitzak alderatu ahal izango dituzte. Toxico Watch fundazioak lurra eta bioakumulazioko fenomenoak izan ditzaketen zuhaixka edo zuhaitz formako landareak eta arrautzak ikertuko ditu. Euskal enpresak, aldiz, metal astunen azterketan arituko da.
Prozesu hau martxan jarri izana "lehen pauso oso garrantzitsua" dela adierazi du herri plataformak. Dagoeneko lotuta dituzte azterketak egingo dituzten oilategiak, lurra eta landaredia: "Gure datu propioak gure esku izatea, amesgaizto honen aurkako autodefentsa neurri gisa planteatzen dugu".
Gipuzkoa Foru Aldundia, legez, erraustegiaren jarraipen plana garatzera behartuta dagoela gogorarazi dute, "tximiniatik ateratzen diren keak eraginik ez dutela ziurtatzeko". Airearen kalitateaz gain, lurrean, uretan tokiko nekazaritza produktuetan, landareetan eta herritarrengan kalterik eragiten ez duela ziurtatzeko. "Oraindik ez daukagu inolako planen berririk, nahiz eta agintariek dioten erraustegia epe laburrean jarriko dutela martxan".
Agerraldiaren amaieran, urteotako helburu nagusia ekarri dute gogora; erraustegia gelditzea. "Ez dezatela erraustegi zikin hori piztu, edo pizten badute, ahalik eta azkarren itzal dezatela". Borroka horri eusteko, igandean Donostian egingo den erraustegiaren aurkako giza katera joateko deia luzatu dute. Kontxako hondartzan egingo dute, 11:30ean.