Atzo bertan, eskolako patioan nirekin pilotan jolasten aritzen zen lagun minak etxe bat erosi berri duela esan dit. Asteburuetan, Okendoko Ninan lau t'erdietan gelditzetik elkarren etxeetan bazkariak antolatzera igaro gara, eta kuadrillako argazkietan ume eta guzti ateratzen hasi gara.
Azterketez, eskolaz eta lehen aldietaz hitz egiten aritzen ginen garaiak atzean utzi eta orain, lanaz, haurdunaldiez, soldatez, ezkontzez eta prezioen garestitzeaz hitz egiten dugu.
Eta aldaketa honen guztiaren zurrunbiloak bertigoa sortzen didala aitortzen dizuet. Zertan ariko banintz baneki bezala aritzen naiz, baina ez daukat ideiarik ere, eta azken aldian, sentipen orokor bat dagoela iruditzen zait.
Heldutasuna performatzen dugu, baina sinetsita nago inork ez dakiela berez heldu izaten. Bizitzak aurrera garamatza, bultzaka, eta gu atzetik goaz, egoera bakoitzari aurpegia eman eta zertan gabiltzan bageneki gisan jarduten.
Eta horrela gabiltza denok, itxurak egiten. Baina, etapa aldaketak suertatu ahala, denborak aurrera egin ahala, galdera bera datorkigu burura: nola heldu naiz ni honaino?
Agian, horixe da heldutzea: erantzunik ez dugula onartu, eta datorkigunari heltzea, nola heldu bageneki bezala.