Kolore, kolore

Gorka Lasa

Aldaketa hilabetea izaten da iraila. Oporrak amaitu eta ikasturte berria hasten da, honek dakarren guztiarekin: lanean edo eskolan hasi beharra, goizean goiz jaikitzearena, errutinara itzultzea...

Urtaro aldaketa ere gertatzen da, udatik udazkenera. Agian azken aldiz jantziko ditugu txankletak edo praka motzak, hondartzarako kita armairuan gordeko dugu, edo azken izozkia jango dugu itsasoari begira petrilean eserita.

Udazkenarekin bat, eguna motzagoa, freskoagoa dela antzemango dugu, baina ñabardurarik garrantzitsuena, nire ustez, kolore aldaketarena da. Zuhaitzen hosto berdeak kolore gorri, hori, okrez janzten dira urrezko paisaiak bihurtzeraino, zoragarria.

Dena den, aurten, udak bestetan izan ohi ez duen kolorea izan du. Eguzkiak gogotik jo du, eguna joan eta eguna etorri, bero latzak egin ditu, eta euririk batere ez. Eguzkia hori, zerua urdin, belardiak gorri eta intxaurrak beltz, oro har, berdea urri. Basamortuko arre kolorez tindatu zaigu aurten paisaia.

Zaldiboboren kantak dioen bezala: “Kolore kolore ta gustu guztiak, denontzat denontzat ez dira berdinak…”. Eta hala da, batzuen gozagarri eta besteen gogaikarri. Hondartza zaleak gustura, baina nekazari eta abeltzainak, berriz, amorratzen, euri eskasiak uztan eta abereengan daukan ondorio latzak pairatuz.

Baina koloreak kolore eta lehorteak lehorte, bizitzak aurrera darrai, eta Nepalen glaziarrak urtzen jarraituko dute, estatu espainiarrean basoak sutan kiskaltzen jarraituko dute, euri jasa eta uholdeak maizago izango dira, haizeteak, ekaitzak, urtarorik bereiztu gabe.

Hala ere, bizitzak aurrera darrai, batzuk joanean eta besteak etorrian, edo etortzen saiatzen, behintzat. Afrikako iturria ireki dute eta jende emaria izugarria da, lehortetik, gosetetik eta ziurgabetasunetik ihesi.

Batzuk alfonbra gorrian glamour handiz izarren distira gisa agertzen diren bitartean, beste batzuek distira gabeko gau izartsuetan egiten dute lo, oinutsik, zauriturik, soinean daramatenarekin soilik, etorkizun hobe batera bidea argituko zaien esperantzaz.

Baina horrelakoa da bizitza, batzuena eta besteona, eta aurrera darrai, koloreak kolore, etengabean.

Erlazionatuak

Aspaldiko argazkia

Gorka Lasa mai 29 Iritzia

Beteta

Gorka Lasa urt 23 Iritzia