Beteta

Gorka Lasa 2026ko urtarrilaren 23a

Asteazken arratsaldea da eta eguneroko lanak amaitutzat emanik, auzoko tabernara jaitsi naiz garagardo bat hartzera.

Ondoko mahaian gizon emakumez osaturiko laukote batek azkenaldian hizketarako hainbeste ematen ari den Estatu Batuetako Trump presidentea du mintzagai. Nola atxilotu dituen Venezuelan Maduro eta haren emaztea, bertako petrolioaren kudeaketa, Groenlandiaren inbasioa, migranteak eta abar luze bat. Kezkaturik eta arduraturik nabaritu ditut, guzti honek beraiengan zer nolako eragina izango duen jakin-minez.

Belarria ondoko mahaian jarria nuen bitartean, basoa hustu dut oharkabean, eta oraindik goiz delako aitzakian ondoko tabernara joan naiz.

Han, beste garagardo bat eskatuta, atzeko jubilatu pareak piztu dit arreta. Horiek Euskal Herriko pentsiodunen borrokari buruz ari ziren, martxoan egingo den greba orokorrari buruz, nekazarien mobilizazioei buruz. Hauek ere burumakur sumatu ditut, beroiei zuzenean eragiten dien gaiak direlako.

Konturatzeke, basoa begiratu eta hutsik dago barra gainean. Hirugarren trago bat hartzea erabaki dut etxera joan aurretik.

Hurrengoan ere gauza bera eskatu dut. Bertan, gazte gehiago dago eta beste estilo bateko musika ere bai. Garagardoari lehen tragoa emanez, ondoko aulki luzeetan hiru gazte eseri dira, eta hauen elkarrizketan murgildu naiz disimuluz. Batak, azterketa gaizki egin duela dio amorruz. Besteak, lanik aurkitu ezinik dabilela, ehun curriculumetik gora bota dituela eta ezer ere ez, elkarrizketa bakar baterako deitu dutela, nazkaturik. Eta hirugarrenak berriz, pisu baten bila dabilela desesperaturik, baina etxebizitzek duten prezioarekin ezinezkoa dela, eta gurasoekin bizi izaten jarraitu beharko duela luzaroan.

Barrara begiratu eta han ikusi dut nire basoa berriz ere hutsik. Ez dakit zein aldetatik begiratu, basoa beti hutsik aurkitzen dut. Beste batera noa, ea han beteta ikusten dudan. 

Erlazionatuak

Ahaztuak

Gorka Lasa 2025 aza 14 Iritzia

Unea

Gorka Lasa 2025 urr 03 Iritzia