Kostaldeko brisatxoa ahula izan arren, freskotasun sentsazioa eskertzekoa zen, eta egun osoz beroaren infernu karga gainetik kendu ezinik ibili ondoren, zama arintzen zuen pixka bat bederen.
Pareko etxea itzaletan zegoen jada, arratsalde osoa eguzki izpi erreek fatxadako zuritasunaren distira galdua dagoeneko, eta ordura arte erabat itxita egon ziren leiho eta pertsianak zabaltzen hasiak ziren.
Bat-batean ahotsak entzuten hasi nintzen, gertu, saiakera berezirik egin gabe elkarrizketa entzun eta ulertzeko moduan. Gizon emakume baten arteko solasaldia zen, gazteleraz. Kuriositateak jota, leihotik burua atera eta balkoitik balkoira hitz aspertuan ari ziren bi auzokide ziren, bata laugarren pisuan, bosgarrenean bestea.
Luze jardun zuten hizketan, hango eta hemengo kontuez, garai bateko eta oraingoez, norbaiten heriotzaz, bizitzaz, beroaz, nola ez.
Orain ikusten ez den argazkia nuen parez pare; komunikatzeko eta sozializatzeko beste era bat. Mugikorrak eta sare sozialak gailendu zaizkigun aro honetan, non aurrez aurre hitz egin beharrean nahiago dugun audioz edo idatzizko mezuez komunikatu, auzoan badago oraindik ere lehengo ohiturari eusten dionik.
Garaiak aldatu egin dira bai, gure bizilagunak ezagutu ere ez ditugu egiten, eta ezagutu arren ere, buruaz ozta-ozta kasu egin eta aurrera goaz.
Bero sapari buruz idazten hasi naiz, kexati. Baina gaurkoan behintzat, beroaren aitzakiaz, zutabe hau idazteko gaia izan dut, eta aspaldian ikusi gabeko argazkia berreskuratzekoa ere bai.