Uda ondorena

Aizpea Amas

Uda pasatu dugu, eta berriz ere Txintxarriko txoko honetatik agurtzeko moduan gara, ez dela gutxi. Udaz disfrutatzeko parada izan duzuenoi bejondeizuela, eta gainontzekoak lasai egon, udazkena hementxe dugu eta: asteazkenean bertan sartuko gara urtaro berrian.

Eguzkia, beroa, hondartza eta egun luze zaleei motza egingo zitzaien uda; ez horrenbeste atsegin ez dutenei, baina kontua da benetan dela urtaro hau geroz eta luzeagoa. Klima aldaketaren eraginez, uda beroagoak, lehorragoak eta luzeagoak izaten ari gara. Eusko Jaurlaritzak Klimaren Egoera Euskadin txostena argitaratu zuen iaz, 1970tik 2023rako datuak aztertuz. Hamarkada bakoitzean, tenperatura 0,3 gradu igo da; bero boladak egun bat gehiago dira eta 25 gradutik gorako egunak (udako eguntzat jotzen direnak, nahiz eta oraindik uda ez izan) lau gehiago. Aurtengoan zer gertatu den egiaztatzeko bazterrak ikustea besterik ez dago: larreak horituta, letxuak zimelduta eta abereentzako bazka agortuta geratu dira. 

Nekazari eta abeltzainak lehorteaz arduratuta dauden bitartean, kezka iturri berriak sortu zaizkigu asteon adimen artifizialaren eskutik: honek hamarkada honetan gizateria suntsi dezakeela ohartarazi dute. Ez da erraza guretzako benetako mehatxuak zeintzuk diren identifikatzea, baina beldurra arma boteretsua dela argi dago. Bien bitartean, teknologia honek funtzionatu dezan, milioika litro ur gastatzen jarraitzen dute euren zerbitzariek. Batzuk Aralarren eta besteak Silicon Valley-n egarri dira. Gure planetak, ordea, ez du batzuen egarria asetzeko behar adina urik. 

Erlazionatuak

Adin ertaina

Aizpea Amas mar 06 Iritzia