Realaren Koparen garaipena ospatu genuen, baita Sorgin Jaien 25. urteurrena ere, eta asteburu honetan Txaranga Eguna dator Udaberriko Festarekin batera. Ate joka dira ere Zabaletako jaiak, eta nola ez, San Pedro Jaiak. Batean eta bestean bada zer entzun, ikusi eta gozatu.
Eta giroa berotzen hasteko, udalak aurtengo kontzertuen kartela aurkeztu du, modu (nolabait esatearren) original eta umoretsu batean. Inor ez du hotz utzi kontzertuak iragartzeko alkateak eta Jaietako zinegotziak parte hartu duten bideoak, eta norbaitek ikusi ez badu, sare sozialetan ikuskatzera gonbidatzen dut.
Bideoaren forma edo tonuaren gaineko iritzia niretzat gordeko dut, baina edukiaren gainean hausnartzeko zenbait motibo topatu ditut. Euskararen presentzia edo presentzia eza da, boteprontoan aipatuko nukeena, esketxaren hondarrean baino ez baita entzuten. Begi bistakoa da gidoia gaztelaniaz pentsatuta dagoela, baina benetan larriena euskarazko bertsio bat egitea ez kontenplatzea iruditzen zait, edo egin badute ere, lehentasunik edo garrantziarik eman ez izana. Justu-justu igo dituzte, bideoa publikatu eta gerora, pare bat reels euskarazko azpitituluekin.
Bestalde, kartelari begiratuta, azkenaldian baino euskal talde gutxiago daudela sumatu dut (euskaraz kantatzen dutenez ari naiz), eta bitxia da bederen Euskal Herriko musikak bizi duen loraldi honetan hain euskal talde gutxi iragarri izana.
Udalak halako formato umoretsu bat erabili izanak aire freskoa ekarri du batzuen iritziz, baina usaimena pixka bat zorroztuz gero, ez al da betiko zoko usaina antzematen?