Adin ertaina

Aizpea Amas 2026ko martxoaren 6a

Memoria ez da nire bertuteetako bat, baina joan den hilean Xirimiri elkartean egindako Bertso Bazkari Literarioan gai jartzaileak planteatutako gaietako bat gazte izateari noiz uzten zaion edo halako zerbait izan zen. Benetan txalogarria iruditzen zait bertsolariek segundo batzuetan errimak atera eta bertso bat, eta jarraian, beste bat eta beste bat koherentzia eta kohesio osoz taxutzeko daukaten erraztasuna. Gure arteko iruzkinetako bat izan zen ni, behintzat, ez nintzatekeela, nahi adina denbora emanez gero ere, ondorio batera iristeko gai, baina gaurkoan ariketa hori egitera noa. Honakoa adin ertaineko emakume baten istorioa duzue. 

Ez dakigu zein momentutan, baina gure pertsonaia egun batetik bestera neska izatetik andre izatera pasatu zen. Egun batean, bulegoko gazteena zen, eta, hurrengoan, zaharrenetakoa (zaharra, bai, ez beteranoa). Behinola, tabernak ixten zituen parrandan, eta, gaur, berriz, ordu eta toki berean tortilla pintxo bat eta kafesne bat gosaltzen ari da. Gaupasak festetan egiten zituen, eta, orain, festak insomnioarekin ditu gauetan. Begi-zuloak seinale onekoak izatetik txarreko izatera pasatu dira. Asteburuetan lagunekin plan bat burutu orduko hurrengoa antolatzen hasten ziren, eta, gaur da eguna norberaren lagunak baino seme-alaba edo ilobenak gehiago ikusten dituena.

Zimurrak, gutxi-asko; ilea urdintzearen lehen seinaleak, muskuluak malguago… Kanpotik itxura mantendu arren, barrukoak ez du engainatzen: hezurrak eta artikulazioak kirrinka hasi dira, robot herdoilduaren antzera. 

Gaztetasunari eutsi nahi dio, baina, tarteka, argiune batzuetan, borroka hori egiteko beharrik ez duela ikusten du; ez duela denboraren igaroaldia izozteko ahaleginik egin behar… Bizitzaren esperientziak erakutsitakoa altxor handia dela, eta nork daki prime-a edo bere momentua noiz iritsiko den. Casablanca-ri keinu eginez, ‘beti geratuko zaigu tardeo-a’ esan dio bere buruari, eta irribarre bihurri bat marraztu zaio aurpegian. 

Erlazionatuak

Lozorroan

Aizpea Amas urt 16 Iritzia

Molestia ez bada...

Aizpea Amas 2025 aza 07 Iritzia