Urtero lez, kulturaz, musikaz eta parte hartzez betetako jardunaldia izango da igandekoa. Goizean ekingo diete ospakizunei, 11:00etan, mezarekin: Ama Brigitarren komentuan egingo dute elizkizuna eta Erketz EDTko dantzariek girotuko dute. Amaitzean, alboko plazan luntxa prestatuko dute antolatzaileek.
Eguerdiko hamabiak jotzen dutenean itxura berezia hartuko du Kale Nagusian dagoen Santa Anako karkabak. Dantzaldia egingo dute bertan Erketzeko kideek, ikurrina aurrean dutela.
Desfilea eta parodia
Gure herrian ikasturte honetan gertatu direnak umorez eta satiraz errepasatuko dituzte 76. parodian parte hartuko duten aktoreek. Okendo plazako oholtzara 20:00etan igo aurretik desfilatu egingo dute herrian barrena. 18:30ean abiatuko dira Sagardotegi kaletik.
Parodia hori "Lasarte-Oriako ondare kulturalaren parte" da, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Urtero ehunka lagun biltzen ditu, belaunaldi desberdinak tradizio beraren inguruan elkartuta. Herritar guztiak eta bisitariak gonbidatu dituzte egun osoan zehar
antolatutako ekitaldietan parte hartzera.
Egitaraua
Hilak 26, igandea
- 11:00etan, Ama Brigitarren komentuan, meza.
- Amaitzean, komentu alboko plazatxoan, luntxa.
- 12:00etan, Santa Anako karkaban (Kale Nagusia), Erketz EDTko kideen dantza saioa.
- 18:30ean, Sagardotegi kaletik abiatuta eta herrian barrena, parodiako aktoreen desfilea.
- 20:00etan, Okendo plazan, Santa Anako 76. Parodia.
