Ohiko legez, Artisau Azoka ospatu da Santa Ana egunaren aurreko igandean.Orotariko produktuek hartu dute Okendo plaza, baita Mercero gunea ere. Jaki gaziak zein gozoak. Txerrikiak eta olibak edota bizkotxoak eta madalenak. Era berean, eskulanez egindako bitxiak, jantziak eta higienerako produktuak ere izan dira salgai. Kurioski, saltzaile batzuek aurrez aurre sortu dituzte euren ekoizkinak; zapatak eta artilez eginiko bufandak, besteak beste. Loreak eta landareak eskuratzeko aukera ere izan dute enparantzara gerturatutako ehunka lasarteoriatarrek.
Igandea, egun handia
Santa Ana egunaren harira, datorren igandean, hilaren 26an, ospatuko da 76. parodia. Jardueraz beteriko hitzordua izango da. Hasteko, Santa Ana Eguneko meza ospatuko dute, Ama Brigitarren komentuan. Ondoren, luntxa egingo da. Jarraian, Erketz EDT taldeak dantzan arituko da, Santa Ana karkaban. Arratsaldean, 18:30etan, desfilea egingo dute parodiako kideek, herrian barrena. 20:00etan ailegatuko dira Okendo plazara, eta parodiari ekingo diote. Eguraldi txarra eginez gero, Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo da emanaldia.