Nori ez zaio gustatzen gure udalerrian gaizkia egiteaz akusatutako bi alprojak sutan kiskaltzen dituzteneko momentua? Epaiketa ikustera joaten diren guztiei, salbuespenik gabe. Bada, ikuskizunaren klimaxa izan ohi dena, parodiaren 75. urteurreneko momentu goibelenetako bat bilakatu zen. Ez deabruek euren lana gaizki egin zutelako, ez Basajaunek errudun izendatu zituenek kondena merezi ez zutelako, baizik eta ikuskizun zoragarria amaitzera zihoala esan nahi zuelako, ikus-entzuleak gutxienez beste ordu eta erdi batez gozatzen jarraitzeko gogoz utzita. Pantxito Kandelas mexikarrak irakurri zuen bandotik hasi eta zazpi hamarkada eta erdiz oholtza gainean isil-isilik egon izan den San Joakinek kantatu zuen unera arte, Hemendik At! talde mitikoaren Goazen abestiaren doinupean. Iazko urriko Euskal Jai rantxeroetan ere ez zen horrelako girorik sortu, aizue.
Aktoreek emanaldian zehar jarraitu zuten gidoia ez bezala, desordenatuta dago kronika hau. Aurreneko paragrafoan deskribatutakoen aurretik gauza ugari gertatu ziren, parte hartzaileen desfiletik hasita. Geltoki kalean elkartu, talde argazkia atera eta Okendo plazan arratsaldeko zortzietatik aurrera antzeztuko zutenaren pista batzuk eman zituzten, kalean zebiltzanen arreta bereganatuta. Ikusi genituen epailea, idazkaria, defentsa abokatua eta fiskala, bi akusatuak, Santa Ana eta San Joakin, lekukoak, dantzariak, musikariak eta ohorezko aipamena merezi duten pertsonaia eta boluntario gehiago. Izan ere, parodia ez dute lau katuk egiten, 60-70 pertsonak baizik, antolatzaileak, teknikariak eta uztailaren 26a urtero berezi egitera animatzen diren zenbait herritar barne. Amateurrak denak, profesionalen curriculuma ez dutenak baina oholtza gainean izarren pare edo are hobeto aritzen direnak. Baita suhiltzaileak ere, urteko garai honetan pistolak hartu eta parean ikusten duten oro bustitzen dituztenak, Atsobakarreko parke inauguratu berrira joan beharrik gabe eta 800.000 euro baino gehiago gastatu beharrik gabe. Txollo hutsa, aizue.
Omenduak, txistulariak
Mauka ederra dira baita ere herriko txistulariak: udara, negua, udaberria edo udazkena, beti daude prest goizean goiz herria euren doinuekin iratzarri eta une gozagarrien iragarle izateko. Horregatik guztiagatik, eta gehiagogatik ere bai, Santa Ana eguneko antolatzaileek oholtza gainean omendu zituzten atzo, igo zen kideetako bakoitzari (lauk ordezkatu zuten eragilea baina kide gehiago dira) zapi gorri bana jantzi, lore sorta bat eman eta Lierni Rekondo bertsolariak Inork badakizute doinua erabilita ederki abestu zuen bertsoa zeraman oroigarria emanda: Dianekin herria / esnatuaz alai / Kalea bihurtzen da / kalejiren paisai / Festa giroa pizten / baituzue nonahi / gaur zuen grina dugu / bihotzez eskergai / musikaz gozatzen eta / gozarazten jarrai / dezazuen nahi dugu / txistu doinutan blai!. Hunkituta, kideetako batek hartu zuen hitza, Idoia Garzesek: parodiak gutxienez beste 75 urte betetzea eta txistulariek une historiko hori bizitzea opatu zuen. Hala bedi.
Santa Ana eguneko parodiak zenbat iraungo duen ikusteke dago, baina argi geratu da gaur-gaurkoz osasuntsu dagoela, 75. edizioa luzaroan gogoratzekoa izango delako. Ikuskizuna musikal bilakatzearekin bete-betean asmatu dute horrekin antolatzaileek, eta, batez ere, gidoilariek: Pablo Barrio, Amaia eta Olatz Iriberri ahizpak eta Arkaitz Illarramendi arduratu dira. Pertsonaien hizketaldiak Aitor Atxega herritarraren estudioan grabatutako zortzi abestirekin –orotara bederatzi oholtzaratu zituzten, horietako bat zuzenean abestu zutelako akusatuak hezurmamitu zituzten Xabier Goitiak eta Esti Garmendiak–. Kantu horiek oinarritu dituzte edonork ezagutzeko melodietan: Joselu Anaiak, Raphael, Zea Mays, Gozategi, Marisol, David Bisbal, Gatibu, Monty Phyton, Europe eta Hemendik At!. Lasarte-Oria anitza bada, parodiarako erabili duten zerrenda, zer esanik ez.
Jatorrizko letrak moldatu eta ikasturte honetan zeresana eman duten gai ugari hizpide izan zituzten aktoreek: Zataraingo Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketa polemikoa (TXINTXARRI-n ciudadano Iñigok deskribatu zuena irudikatu zuten, bola eta guzti), apirileko itzalaldi orokorra, Aita Santuaren ordez Ama Santua behar zuen izendapena, udaletxeko langile balioaniztun Gotilio Urtanta de la Fuente-ren testigantza ukaezina... Testiguak oholtzara igo bitartean mokoka aritu ziren defentsa abokatua eta fiskala, ohi bezala, eta lehenengoaren bezero Argiñe eta Petri Killoren patua ez zen aldatu: sutan kiskaltzera kondenatu zituen Basajaunek.
Deabruak prest zituzten suziriak Erketz EDTko dantzariak eta musikariak oholtzara igo eta Sorgin Dantza dantzatu zutenerako. Amaitu zutenean, inora ihes egin ez zezaten lotuta zeuden alprojengana hurbildu ziren herritarrak eta erretzen ikusi zituzten. Datorren ikasturtean triskantzak egingo dituzten malapartatuak noiz epaitu izan geratu ziren Okendora bertaratutako ehunka lasarteoriatarrak. Zoritxarrez (edo, hobe esanda, zorionez, horrek esan nahi baitu parodiak urteak betetzen jarraituko duela), hautagaiak ez dira faltako, ezta umoretik eta ironiatik jorratzeko gaiak ere. Lasarte, kaso aparte.
Akademiakoei eskaera
Sona handia duten Oscar sariak bihar bertan banatu beharko balituzte, parodiako parte hartzaileek irabaziko lukete kategoria guztietan. Edonola ere, akademiakoei honakoa eskatu beharrean gaude: gehitzeko kategoria bat, afari onenarena. Aintzatespen horretarako hautagaitza sendoa aurkeztu zuen atzo gauean Extremadura Etxeak, honako menu honekin: urdaiazpikoa, fruta entsalada, txipiroiz betetako piper gorriak eta txerri masailak saltsan. Hori aski ez, eta postrerako flana jan zuten elkartera joandako 60 afaltiarrek. Jatekoa eta edatekoa bikaina izan zen, eta baita zerbitzatzeaz arduratu ziren bazkideen jarrera ere. Argi ibili, baten bat ez ote dugun datorren urteko parodian parte hartzen ikusiko…
Afalostean etxera joan ziren batzuk, herrian zerbait hartzera beste batzuk eta Zubietako festetara gainerakoak. Datorren urteko gidoirako baliagarria izan daitekeen pasadizoren bat kontatzeko izango dute, akaso. Hala izatekotan, hobe sutan erretzera kondenatua izateko modukoa ez izatea.