Urriaren 18an Okendo plazan egingo duten Esnatu! kafe-tertulian parte hartzen ariko balira bezala eseri dira Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko kideak: elkarri begira, irribarretsu eta euskaratik eta euskaraz hitz egiteko gogoz. Estitxu Alkorta zinegotzia, Ana Labaka zerbitzuburua eta Aitor Unanue nahiz Axun Larburu teknikariak aritu dira hitz eta pitz, ekimen horren sorrerari eta dinamikari buruz.
11. Euskararen Maratoirako prestatutako kamisetak jantzi dituzte, eta ez alferrik: euskararen aldeko egitasmo erraldoi horren egitarauko mugarrietako bat izango da mintzodromo hori. "Urriaren 17ko eta 18koa jaia izango da, bai, baina gehiagorako ere izan behar du: hiztunak aktibatzeko, egun horietan sortutako energia eta kemena bideratzeko, etorkizunean egin beharreko urratsez gogoeta egiteko eta lanketa abiatzeko...", azaldu dute lauek. Hori horrela izanik, buruei eragin eta Esnatu! kafe-tertulia aurrera eramatea bururatu zitzaien duela hilabete batzuk. "Modu goxo batean, kafe batekin... landu nahi ditugu 'euskararen aurkako oldarraldia' deiturikoaren bueltako gai guztiak. Azken finean, euskarari plaza ematea da gure asmoa, eta, ariketa horretatik aterako duguna lantzea gero". Hori esanda, argi utzi dute ez direla bilduko "negar egiteko edota penak konpartitzeko, baizik eta egoeraren kontzientzia hartzeko eta egin beharreko urratsak mahai gainean jartzeko".
Arestian azaldutakoan sakondu dute Euskara Zerbitzuko kideek: "Hizkuntza politiketan-eta lanean gabiltzanok egunero jarraitzen dugu oldarraldiaren gaia, baina, herritarrek nola ikusten dute? Nola eragiten du horrek euren egunerokoan? Galdera horiek egin genizkien gure buruei eta, horregatik, beraiei eman nahi diegu hitza. Iruditzen zaigu, agian mintzatzen hastea zertxobait kostatzen bazaigu ere, denok dugula zeresana gai horien guztien bueltan".
Mintzodromoaren dinamika
Mihia, kontzientzia eta gogoa iratzartzeko asmoz hiru txandako ariketa izango da urriaren 18ko Esnatu! kafe-tertulia. "09:00ak aldera hasiko gara eta parte hartuko duten taldeak aurkeztuko ditugu", aurreratu dute. Horren harira, jakinarazi dute norbanakoek, lagun kuadrillek, eragileetako ordezkariek, euskaltegietako ikasleek eta establezimenduetako langileek parte har dezaketela. Aurreneko tartea 10:00etatik 11:00etara egingo dute; bigarrena, 11:30etik 12:30era; eta azkena, 12:30etik 13:30era. Kafea aurreneko ordutik edateko aukera izango badute ere, katiluak eskuetan atseden hartzeko tarte berezia 11:00etatik 11:30era artekoa izango da.
Ordubeteko txanda horietako bakoitzean bi gai izango dituzte taldeek eta horietako bakoitza ordu erdiz jorratuko dute. Hizketagai bakoitza paperezko fitxetan eta Okendo plazan jarriko duten pantailan aurkeztuko dute. Kafe-tertulian parte hartuko dutenak ez ezik, ikus-entzule izango diren herritarrak erakarri nahi dituzte antolatzaileek, horiek ere parte hartzeko aukera izango baitute: "Taldeetako kideek hitz egindakoa entzun ostean iritziak eman ahalko dituzte, fitxak beteta edo Kahoot aplikazio digitala erabilita". Gauzak horrela, bai taldeen bai herritarren iritziak eta informazioa bilduko dituzte Euskara Zerbitzuko lagunek, hurrengo urteetako plangintza estrategikoaren barruan sartu eta 2027an zehar jorratu ahal izateko.
Kafea hartu, mokadutxoa jan, hitz egin, hausnartu... Ariketa oparoa izango da urriaren 18an Okendo plazan egingo dutena, 09:00etatik 13:30era. Ba, horrez guztiaz gain, bertaratzen direnek argazki ederrak ateratzeko aukera izango dute Esnatu! guneko photocall-ean goiz horretan zehar. Landuko dituzten gaiekin zerikusia izango dituzten leloekin kartelak egingo dituzte eta herritarren eskura jarriko dituzte, kameraren aurrean jartzeko.

