Alerta laranja emana zegoen atzoko egunean, tenperatura altuengatik eta sute arriskuengatik. Bada, Jalgin piztu zuten sua, baina ez urteko garaiotan tamalez gero eta ohikoagoak diren suteak bezalakoa, desberdina eta berezia baizik: kiskali baino, sutondora biltzen diren guztiak goxatzen dituena; parean jartzen zaion guztia erraustu ez, hazi berriak ereingo dituena; izutzeko, epaitzeko eta zigortzeko izan ordez, euskararen bueltan biltzeko, saretzeko eta bizitzeko erabiliko dutena. Hitz gutxitan, euskararen sugarra, urriaren 17an eta 18an egingo duten 11. Euskararen Maratoiaren bidez piztuta mantenduko dutena.
Misterioak erakarrita, lepo bete zen Jalgi: Lierni Arozena eta Olaia Rekondo trikitilariei segika etorri ziren zenbait ikus-entzule, Ttakunenea elkartean bilera egin ondotik, eta dagoeneko tabernan zeudenekin elkartu ziren. Horien artean izan ziren udal korporazioko zenbait alderditako ordezkariak eta baita aurreko edizioetan zortzikoteko kide izandako zenbait lagun ere: Vicky Castro, Coro Dominguez, Joxe Mari Azkonobieta, Esti Garmendia edota Mikel Izquierdo. Euskararen bueltako ekimen hori aurten dinamizatuko duten zortzikoteko kideak, logotipoa eta leloa aurkeztu aurretik, Maider Segurola kazetariak testuinguruan jarri zuen jarduera bera: "Lau urtean behin egiten dugun gure euskararen festa da. 40 orduz mikrofonoa ez dadila isildu euskarazko jardunean. Euskararen unibertsora ateak zabaldu nahi dizkie maratoiak euskara ikasten ari direnei, euskarak erakartzen dituenei, ausartzen ez direnei baina nahi dutenei, heldu zein gazte, zahar zein haur... eta euskaraz hitz egiteko dinamikak sortzeko ahalegina ere bada maratoia. Euskaratik herria eraikitzekoa". Esan bezala, ekitaldia Jalgin egin zuten, "apustu guztiak handira egitea hain boladan dagoen honetan, Maratoia nondik datorren ahaztu ez dezagun: herritik sortu zen eta herriak egiten du". Gaur-gaurkoz, Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen dute, lankidetzan.
40 orduz etengabe euskaraz, lau hamarkadatan zehar.1986an aurrera eraman zuten aurreneko Euskararen Maratoia. Urriaren 17an eta 18an ospatu beharreko beste mugarri bat izango da, beraz, ekimenaren 40. urteurrena.
Aurtengo zortzi saltseroak
Euskararen sugarra piztea eta halaxe denbora luzez mantentzea gu guztion ardura izango den arren, zortzi herritar saltsero izango dira Maratoiaren txinparta. Banan-banan aurkeztu zituen Segurolak: Rebeka Garzes Aldazabal, Iñaki Etxegia Loiarte Patxo, Pili Romero Lombardo, Maitane Eizmendi Nogales, June Huici Eceiza, Jagoba Mendizabal Imaz, Malaak Lazaar El Machat eta Joxe Mari Agirretxe Kerexeta. Oholtzara igo ahala kamiseta arrosak jantzi zituzten, urri erdialdera arte soinean eramango dituzten "uniforme berriak". Horrekin eman zuten leloari eta logotipoari buruzko aurreneko pista, Piztu! hitza eta aurpegidun sugarra. Ondoren, urri erdialdeko ekimena iragartzeko bi kartelak erakutsi zituzten; Julian Toquerok egin ditu biak ala biak.
Zortzikoteko kide beteranoenak hartu zuen hitza, Joxe Marik, bere burua eta gainerako zazpiena –Jagobak ezin izan zuen ekitaldira bertaratu baina oso presente izan zuten kideek; bere urtebetetze eguna zenez, gainera, Zorionak zuri abestu zioten– aurkezteko. Horren aurretik, gogoratu zuen zein izan zen 1986ko aurreneko edizioko helburua: "Agus Mujikari bururatu zitzaionean Maratoiarena, mikrofonoa oholtzan, zortzikotea... Jakin nahi genuen gure herrian zenbatek hitz egiten zuten euskara, orduan ez baikeneukan horri buruzko azterketarik".
Zortzikoteko kideak, leloa eta logotipoa ez ezik, aurtengo bi abestietako (40 urtetan aurrenekoz sortu dituzte bi kantu; bigarrenaren berri aurrerago emango dute) bat ere aurkeztu zuten. Earra! bertso eskolako kideena da letra eta hiru lagun igo ziren oholtzara horri buruzko azalpenak ematera: Maddi Lasa, Araitz Ramos eta Lierni Rekondo. "Ilusio eta ardura handiz" jaso zuten antolatzaileen proposamena eta berehala ekin zioten lanari, Piztu! Sugarra gu gara leloa buruan: "Pentsatu genuen ea zer piztu nahi genuen hemen, gure herrian. Era berean, festa girokoa izatea nahi genuen, urte osoan zehar abestu eta dantzatu ahal izateko".
Behin abesti horri buruzkoak azalduta, koreografia erakutsi zuten oholtza gainera igo ziren zortzi kideek eta parean zituzten dozenaka herritarrak euren urratsak jarraitzera animatu zituzten, erritmoa azkarra zela ohartarazita. Edonola ere, inor ez dadila larritu, urrira arte badagoelako entseatzeko eta dantza ederki ikasteko aukera.
Kanpoaldean mokadutxoa jan aurretik, euskararen sugarra pizten hasi direla irudikatzeko talde argazkia atera zuten, datozen hilabeteetan mihietan eta bihotzetan ibiliko dugun leloa oihukatuta: Piztu! Sugarra gu gara!.