Perkusio eta musika zaparrada

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 29a

Gaueko hamarrak pasatxo, Kale Nagusian barrena ibiltzekoak ziren zezensuzkoak bertan behera utzi dituztenean, gutxik pentsatuko zuten San Pedro bezperako gaua gozatzeko modukoa izango zenik. Hotza eta bustia zen giroari, ordea, ederki eman diote buelta ATLO elkarteko kideek eta baita Süne nahiz Duo Imperial taldeek ere.

Gaur arratsalde-gaueko euriteen ondorioz harro egongo da Kantauri itsasoa eta baita tokian tokiko ibaiak ere, Oria bera, urrutirago joan gabe. Bota eta bota aritu da, gauerdia igaro arte inolako tregoarik eman gabe. Hori horrela izanagatik, zezensuzkoa izan da udalak bertan behera utzi duen jarduera bakarra eta kalera irtetera animatu diren herritarrek perkusioz eta musikaz blaituta amaitu dute.

ATLO elkarteko kideek danborrada egitea erabaki dute, ibilbidea eta errepertorioa moldatu gabe. Euritik babesteko xira gardenak soinean, zalantzarik egin gabe astindu dituzte danborrak eta kupelak. Lasarteko ereserkia jo dute aurrena eta atzetik beste pieza ugari, baita Donostiako Martxa ere, jakina. Enparantzatik irtendakoan erdigunean barrena jotzen jarraitu dute.

Plaza horretan bertan eman du kontzertua Süne izen artistikoarekin aritzen den Josune Arakistainek, musikari bandaren laguntzarekin. Gauerdiko hamabiak jo dutenean hasi da eta bera entzun bitartean bustitzea axola izan ez zaien zaleei eskaini die kontzertu ikusgarria, gaur egungo proiektu musikaleko nahiz aurrekoko (Huntza taldean aritu zen hainbat urtez) abestiak oholtzaratuta. Amaierarako utzi ditu azkenaldian entzunenak diren TXITXARRO edota Kantauri.

Beste enparantza batean, Jaizkibelen hain zuzen ere, abesti klasikoagoak jo ditu Duo Imperial bikoteak, bertaratu eta dantzatzera animatu diren herritarren aurrean.