Ekainaren 28a da eta ajearekin esnatu zaren arren, ordu erdi barru geratuta zaude kuadrillakoekin ontziari azken ukituak emateko. Hilabete daramazue material bilketan eta konturatzerako eguna iritsi da: gaur sorginok pirata bilakatu eta Orian zehar nabigatuko duzue! Nabigatu edo, zakar eta harri artean trabatuta ez geratzen saiatu…
Elebeltzeko aldapan hasiko da jetsiera, baina gaurkoan hara iristeko etxetik atera eta ez zara anbulategiko iturri urdin horren ondotik pasako, ezta Okendoko errepidea gurutzatuko ere, gezurra dirudien arren, Oriako jaitsiera 2026ko Sorgin Jaietan egingo duzue-eta. Sorgin Jaietako jarduera berezienetako bat berreskuratzearen arrazoia zuen urtebetetzea da, Sorgin Jaien 25. urteurrena! Zorionak guri!
Herritarrak dagoeneko hasi dira pijamak, zapiak eta blusak prestatzen, pasa den maiatzaren 9an eman baikenion hasiera urteurrenari. 25 urte hauetan sorgin jaiak antolatzen lanean ibili diren sorginekin elkartu eta iraganari begira jarri ginen denok; Free Tourra antolatu genuen Lasarte-Oriako festa alternatiboen espazio izan diren horietatik eta egun zoragarria ospatu genuen. Iragana gogoratu genuen, bai, baina orain etorkizunari begira jartzea dagokigu, herri honen oihua inoiz baino altuago egitea eta 25 izan diren horiek 50 bihurtzea, baita gehiago ere!
Horretarako, lasarteoriatarron laguntza behar dugu. Gaur arte euskararen, feminismoaren eta herrigintzaren bueltan eraiki izan ditugun festa hauetan herritar ororen ekarpenak ongietorriak izango dira, musu truk egindako lanak mantentzen gaituelako bizirik. Nolakoa izango litzateke Sorgin Jairik gabeko Lasarte-Oria bat? Txosnarik ez, euskarazko kontzertu bakarra edo bi, asko jota eta gazteei begiratzen ez dien egitarau bat, besteak beste. Hau da, herritarrentzako antolatuak diruditen festak, baina benetan herritarren nahiak kontuan hartzen ez dituztenak.
Zailtasunei aurre egitea ez da erraza, batez ere lagundu beharko liguketen erakundeek oztopoak besterik jartzen ez dizkigutenean, baina urtero bezala aurre egingo diegu eta Lasarte-Oria sorgintzen jarraituko dugu! Eta bitartean, berandutzen ari zarenez, jarri ozen Herri baten oihua, prestatu sandaliak, mangitoak eta duzun bainujantzirik zaharrena, eta abiatu Oria zeharkatzera.
Gora Sorgin Jaiak!