Aurtengo akelarrea ez da edonolakoa izango

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 11

25 urte bete ditu aurten Sorgin Jaiak-ek. Hori horrela, urteurrena ere baliatuko dute aurtengo jai herrikoiak abiatu eta gozatzeko 

Ekainaren 25etik 29ra sorginduko du herri Sorgin Jaiak eragileak aurten; askotariko jarduerez eta hitzorduz betetako egitaraua aurkeztu dute gaur iluntzean. 

Horren guztiaren berri eman aurretik, ordea, eragilearen urteurrenaz mintzatu dira. Ezer baino lehen, eskerrak eman dizkiete mende laurdeneko bidea urratu duten guzti-guztiei. Ez dituzte ahaztu etorkizunean ere bidea egiten jarraituko dutenak eta aurtengo festei hasiera nork emango dien ere iragarri dute; honako adierazpenak egin dituzte: "Herritik eta herriarentzat, jai eredu alternatiboa sortzeko eta bizirik mantentzeko egiten ari garen lana ez da nolanahikoa. Horrela, aurten gure 25 urteko ibilbidea omenduko dugu txupinazoan, baita etorriko diren beste guztiak ere. Gogor eta gogotsu egin dugu lan, hilabete luzez, sutan egositako indarrez, jai alternatiboak prestatuz". 

Hori horrela, "ekintza, magia eta irrintziz betetako egunak" izango direla jakinarazi dute hizlariek. Herri bazkaria, kontzertuak, tortilla txapelketa, zunba, azoka, bertso afaria eta beste hamaika proposamenetan parte hartzeko deia egin diete lasarteoriatarrei. Hala, nabarmendu dute horiek guztiak "feminismotik, euskaratik eta autogestiotik eraikiak" izan direla: "Jai eredua eraldatzeko konpromisoari helduko diogu: herrikoiagoa, askotarikoagoa, inklusiboagoa eta bizigarriagoa izatea nahi dugu".

Horrekin batera, "zaintza, elkartasuna eta herri konfiantza" erdigunean jarri nahi ditu Sorgin Jaiakek. Horren harira, kontatu dute 25 urteko bidea polita izan den arren, oraindik orain ez dela erraza izaten ari: "Aurten ere, Lasarte-Oriako Udalaren aldetik oztopo, muga, eta trabak aurkitu ditugu bidean. Beraiekin tramiteak kudeatza luze eta traketsa izan ohi da eta komunikazioa asko zailtzen da. Gero eta zailagoa da udalarekin harremantzea, eta laguntza eman beharrean, harriak besterik ez dizkigute jartzen". Hori horrela izanagatik, eragileak nabarmendu du "herriaren epeltasuna" sentitzen dutela eta aipatu egoera horrek ez duela inoiz euren "akelarrea geldituko". Gaineratu dute euren bidea egiten jarraituko dutela: "Oztopo guztien gainetik, sorginok tinko gaude eta herritarron beharrak ardatz dituzten jaiak sortzen jarraituko dugu, mende laurden honetan erakutsi dugun bezala". 

Agerraldia amaitzeko gogoan izan dituzte jai herrikoien antolaketan, prestaketan, zabalkundean eta bestelako zereginetan parte hartzean aritu diren guztiak. Era berean, besarkadarik beroena bidali diete eginbeharretan parte hartu ezin izan dutenei. sorginak "esnatzeko" deia ere gin dute, eta 25 urtez piztutako sua "zabaldu eta herria dantzara" gonbidatu dute. Egitaraua iragartzeko afixen bidez ohartarazpen bat egin du Sorgin Jaiak-ek. Jakinarazi du jaietan edozein eraso edo indarkeria jasanez gero, 24 orduko laguntza eta arreta zerbitzua izango duela martxan. Honako sakelako telefono zenbakia jarri du eskuragarri: 633344284.

 

 

Egitaraua, egunez egun

  • Ekainak 25, osteguna - Pijama Eguna
    • 18:30ean, Sorgin jaitsiera Isla plazatik, Xaukena elketrotxarangak girotuta.
    • 20:00etan, txupinazoa
    • 23:00etan, Ertz eta Marte Lasarte musika taldeen kontzertua. Ostean, karaokea. 
  • Ekainak 26, ostirala
    • 16:30ean, V. Patata Tortilla txapelketa, Askatasunaren plazan.
    • 19:00etan, zunba saioa Bojomarekin. 
    • 21:00etan, bertso afari autogestionatua, Oriarte BHI eraikin parean, Earra bertso eskolak girotuta. 
    • 22:15ean, Bideokliparen estreinaldia eta proiekzioa, Oriarte BHI parean. 
  • Ekainak 27, larunbata - Elkartasun Eguna
    • 12:00etan, Palesinarekin elkartasuna. Haurrentzako tailerra, Porrotx eta Marimototsekin, Askatasunaren plazan. 
    • 13:00etan, txistularien kontzertua. 
    • 14:30ean, herri bazkari girotua
    • 17:30etik 19:30era, trikipoteoa Merhezi taldeak girotuta. 
    • 20:00etan, manifestazioa presoen alde. 
    • 21:00etan, Gure Lasarte-Zikina, Ilargi taberna parean. 
  • Ekainak 28, igandea
    • 10:30etik 14:30era, sorgin azoka, Okendo plazan. 
    • 15:15ean, Oriako jaitisera. Okendo plazatik irtenda. 
    • 18:30ean, Kukukaren emanaldia
    • 20:00etan, Ekainak 28 manifestazioa, LGTBIQ+fobiaren aurrean, sarea eta elkarzaintza lelopean. 
    • 02:00etan, Zatekeen erromeria.
  • Ekainak 29, astelehena
    • 17:30ean, desafioa
    • 19:00etan, Elektropottotte.
    • 23:00etan, Mikosis eta Rodeo taldeen kontzertuak.