Laister bueltatuko da Teresa Sorgiña mendira. Zabaleta utzi, eta urtebeteren bueltan bueltatuko da berriro auzora. Dena den, une hori ailegatu aurretik, giro ederrean igaro dute zabaletarrek igande goiza.
Ohiko legez, aurrera eraman dute Avenida taberna-jatetxeak antolatutako patata tortilla txapelketa. 12 tortilla aurkeztu dira, eta elementu hauei jarraiki baloratu dituzte jakiak epaileek: txura, zaporea eta sendotasuna, besteak beste. Sariak banatu ostean, kreazio guztiekin eginiko pintxoak salgai izan dira txosnan.
Bien bitartean, erakustaldi bikaina egin dute Kukuka antzerki eta dantza eskolako umeek, plazan. Sorkuntzatik eta euskal dantzatik abiatutako koreografiak eskaini dizkiete senideei eta lagunei. Jarraian, LOZETeko buruhandiak eta erraldoiak auzoko giroa alaitu du Oaintxe in deu! txarangaren doinuekin batera.
Eguerdiarekin batera, herri kiroletan aritu dira Jokin Basozabal eta Ander Etxeluze. Hainbat probetan neurtu dira; 100 kiloko harriak altxa dituzte, baita aizkorarekin hiru enbor moztu eta hamabost bireko itzulia egin ere. Proba mistoarekin atarikoarekin amaitzerakoan, ezpalak jaso eta lau taldeak beroketa lanetan hasi dira. Lehia honetan, honelako lanetan aritu dira: trontza, txingak, giza proba eta korrika. Norgehiagoka estua izan da, eta azkenean, talde gorriak irabazi du.