Frontoi atzealdeko plazatxoan jarri dute jada txosna koloretsua, Zabaletako jaiak eta udara iristear diren seinale. Atzoko prentsaurrekoa egin bitartean irekitzeko eta edari freskoren bat edateko tentazioa izan zuten, termometroek 35 bat gradu markatzen zituztelako antolatzaileek egitarauaren berri eman bitartean. Bada, ekainaren 2tik 7ra are gehiago berotuko da giroa auzoan barrena, batez ere, Teresa Sorgiña erratza hartuta jaisten denean Teresategi menditik. Ostiralean izango da hori. Horren aurretik eta ondoren adin tarte guztietatako herritarrentzako ekimenak programatu dituzte, udalerriko establezimendu ugariren eta udalaren laguntzarekin.
Aipatu egun horietan festa giroa espero dute antolatzaileek. Edonola ere, "edozein eraso edo indarkeria egoera" pairatzen dutenek 633 34 42 84 telefono zenbakira deitzeko aukera izango dutela jakinarazi dute. Herriko eragile ugarik, Zabaleta Auzolan elkarteak barne, protokolo komunitarioa landu dute hilabeteotan eta, horren barruan, eguneko 24 ordutan martxan egongo den arreta zerbitzu hori ahalbidetu dute.
Egitaraua
Ekainak 2, asteartea
- 18:00etan, haur txupinazoa.
- 18:00etatik 20:00etara, haurrentzako jolasak, kamisetak serigrafiatzea eta Talentu Bila lehiaketa.
- 20:00etan, goxorraketak, buruhandiak eta festetako dantzak.
Ekainak 3, asteazkena
- 18:00etatik 20:00etara, haurrentzako jolasak eta eskulanak.
- 19:00etan, erraldoiak.
- 20:00etan, goxorraketak, buruhandiak eta festetako dantzak.
Ekainak 4, osteguna
- 18:00etatik 19:00etara, apar festa.
- 19:00etatik 20:30era, pintxo-potea.
- 19:30ean, goxorraketak eta buruhandiak.
- 19:30ean, batxata saioa, eta ondoren, festetako dantzak.
Ekainak 5, ostirala
- 17:00etatik 18:15era, aurpegi margoketa.
- 18:20ean, goxorraketak.
- 18:45ean, Teresa Sorgiñari ongietorria: jaietako pregoia, Jalguneko lagunen dantza saioa eta Sorgin Dantza herrikoia.
- 21:00etan, helduen afari auzotarra. Norberak berea eraman behar du.
- 22:45ean, Kukuka eskolakoen euskal dantza sorkuntza emanaldia.
- 00:00etatik aurrera, Viafara eta Bele Raven taldeen kontzertuak.
Ekainak 6, larunbata
- 09:00etan, diana.
- 11:00etan, brilet partidak.
- 11:00etatik 12:00etara, margoketa tailerra eta txokolate jana.
- 11:00etatik aurrera, Xumela koruko eta Earra! bertso eskolako kideen kantu jira, auzoan barrena.
- 12:00etan, auzoko helduenei omenaldia.
- 12:30ean, sagardo festa.
- 15:30ean, XVI. Mus Txapelketa, Joxe Aranzadiren omenez.
- 17:00etatik aurrera, LOZET elkartearen buruhandi eta erraldoien kalejira, dultzaineroekin batera.
- 17:30etik 20:00etara, pilota txapelketako finalak.
- 18:00etatik aurrera, Gure Lasarte Zikiña ekimeneko kideek antolatutako kontzertuak: Superlore eta Meison taldeak ariko dira.
- 21:00etan, afari herrikoia.
- 23:50ean, LOZET elkartearen zezensuzkoa.
- 00:00etatik aurrera, gaupasa eguneko kontzertuak: Auskalo taldea, DJ Fantasia eta DJ Mangel.
Ekainak 7, igandea
- 09:00etan, diana.
- 10:30etik 11:00etara, patata tortilla txapelketa.
- 11:00etatik aurrera, Kukuka eskolako dantza taldeen emanaldiak.
- 12:00etan, herri kirolak.
- 12:00etan, LOZET elkartearen buruhandi eta erraldoiak.
- 13:00etan, proba mistoa.
- 14:30ean, herri bazkaria. Ostean, bingo aldrebesa eta txaranga.
- 17:30ean, toka txapelketa.
- 18:00etatik 20:00etara, dantza gidatuak Ttipika taldearen eskutik.
- 20:30ean, azken traka eta Teresa Sorgiñari agurra.
