Sorgin Jaien Free Tourraren bideo laburpena

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko maiatzaren 12a

Blusa eta zapidun turistekin batera egin zuen TXINTXARRI aldizkariak Sorgin Jaien I. Free Tourra joan den larunbatean. Ekimen horren bideo laburpena duzue honakoa.

Tantaka-tantaka iritsi ziren Okendo plazara turista jantzitako sorginak: bainujantziak, loredun alkandorak, Erresuma Batuan horren ohikoak diren galtzerdi eta sandaliak... Gure herrira oporretara etorri zirela ematen zuen, honengatik ez balitz: Sorgin Jaietako blusak zeramatzaten gerrietan eta zapiak lepoetan. Herritik eta herriarentzat mende laurdenez egindako lana errepasatzeko Free Tour izenez ezaguna den ibilbide gidatua egitea bururatu zitzaien eta herrian barrena ibili ziren goiz nahiz arratsalde; tokiz toki, lekukotzaz lekukotza eta argazkiz argazki. Ospakizunerako ere baliatu zuten topaketa, jakina.

Esan bezala, Okendotik abiatu ziren. Bertan zuten gida zain, Erik Arzallus, aterkia zabalik eta bozgorailua ahoan, azalpenak ematen hasteko. Egingo zuten ibilbidea azaldu zien: enparantza horretatik, Geltoki kalera, Sorgin Jaiek euren ibilbidea hasi aurretik urtero jartzen zuten txosna gunera; bertatik, Sagardotegi kalera, garai horretan zegoen kioskora; hirugarrenik, Kale Nagusira, zenbait urtez txosna gune bilakatu zen Kamioi Rock ekimenaren tokira; gero, Hipodromo etorbidera, anbulategi zaharra zegoen lekura eta sorginen aurreneko toki egonkor bilakatu zenera; ostean, Loidibarren pilotaleku ingurura, Okendora etorri aurreko festen bilgunera; eta, azkenik, plaza horretara bertara, gaur-gaurkoz akelarrearen erdigune izaten jarraitzen duen biltokira.

Eredua, jokoan

1982. urtean hasi ziren erdigunean txosnak jartzen, herri mugimendu horretako kide izandako Mailu Arrutik gogoratu zuenez. "Eredu oso bat zegoen jokoan eta behar ekonomikoak bultzatuta hasi ginen hau egiten, ez dakit zenbateraino ginen kontziente". Igaro dira lau hamarkada baino gehiago ordutik eta pozarren dago herritarra, hasitako dinamika horrek jarraipena izan duelako eta aurten 25 urte bete dituen Sorgin Jaietan gorpuztu delako.

Garai horietako zenbait pasadizo eta anekdota partekatu zituen Free Tourrera bertaratutakoekin eta nabarmendu zuen igo eta gainean aritu nahi duenarentzat zer-nolako garrantzia duten oholtzek: "Herrigintzaren zutabe nagusietako bat da". Horri lotuta, gogoratu zuen abesti ugari kantatu zituela taula gainera igota; Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazoen Riki riki esate baterako. Gaur egungo belaunaldi gazteek ere ezagutzen dutenez, elkarrekin intonatu dute errepika ezaguna: Xalala, xalala, riki riki, riki, xalala, xalala, riki ri, riki ri... Dutxan dardaraka, ur hotzarekin.

Kioskoa, eszenatoki

XXI. mendeko aurreneko urteak tentsioz eta debekuz beteak izan ziren, baina Txorimalo Gazte Kolektiboa osatzen zutenek argi zuten festa alternatiboak aurrera eramango zituztela, oztopo guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Hori horrela, 2002. urtean Jalgi kafe antzoki parean zegoen kioskoa okupatu eta sorgin gune bilakatu zuten. Gorka Lizarragak eta Beñat Iriondok gogoratu zuten garai hori: "Ezkutuan ibiltzen ginen, zipaioak etortzen zirenean diruaren kutxa hartu eta Jalgira sartzen ginen, igaro arte itxaron eta berriro hor jartzeko".

Urte horretarako egitarau musikalari keinua egite aldera, Ertz taldeko Ane Jimenezek eta Urtzi Furundarenak emanaldi akustikoa egin zuten Sagardotegi kaleko plazatxoan, kioskoa zegoen tokitik metro batzuetara. Besteak beste, Sorgin Jaiakeko kideak mende laurdena ospatzeko prestatu duten abestia jo zuten gitarra klasikoa, kaxa eta tronpetarekin. Estudioan grabatzen ari diren melodiaren bertsio akustikoa izan zen. 

Rockaren eta festaren kamioia

Aipatutako instrumentu horien lekukoa hartu zuten trikitixek eta panderoek: Amaia Amiano, Iratxe Zelaia eta Enara Ieregi arduratu ziren sorginak Geltoki kaletik Kale Nagusira eramateaz, Txorimalo eragileko kideek kioskoko saioaren hurrengo urteetan prestatu zutena esplika zezaten. 

Udalak ez zuen txosna gunearekiko jarrera aldatu eta Sorgin Jaiak egitea oztopatzen jarraitzen zuen. Bada, festa alternatiboen antolatzaileek ere ez zuten etsi eta Kale Nagusira eszenatokidun kamioi bat sartzea bururatu zitzaien eta horren aldamenean jartzea txosnak. Gazteen artean batez ere harrera ederra izan zuen ekimenak eta 2003tik 2005era sekulako festa giroa sorrarazi zuten, gero eta jende gehiago sorgin gunera eta egitasmora erakarrita, Unai Iparragirrek azaldu zuenez.

Kamioi Rock delakoa ez ezik jarduera gehiago egin izan dituzte sorginek urteotan Kale Nagusian, hala nola olinpiadak. Ariketa hori bera errepikatu eta finala bazkalosterako utzita, lau proba egin dituzte giro ederrean baina baita lehiatzeko grinarekin ere: lokotxak, kamiseta, sagarra eta plastikoa. 

Anbulategi zaharrekoa, aurreneko gune egonkorra

Karlos Martinek prestatutako paella goxoa (Iñigo Otaegi eta Xuban Ollokiegi izan zituen laguntzaile) bazkaldu aurretik joan ziren ibilbide gidatuko hurrengo geltokira, Hipodromo etorbidera. Gaur egun etxeek eta Askatasunaren parkeak hartzen duten eremuan anbulategi zaharra izan zen hainbat urtez eta baita sorginen gunea ere, 2006tik 2009ra arte. Hori izan zen zegokionarekin makina bat bilera egin ostean erdietsi zuten aurreneko eremu egonkorra.

Antolatzaile taldeko kide izandako Gorka Segurolak oroitu zituen urte horiek, aurrekoetan lana egin zutenei eskerrak eman ostean. "Bi aukera jarri genizkien mahai gainean udaletxekoei, anbulategi zaharrekoa eta REM institutukoa [gaur egun, Oriarte Landaberri eraikina dena], plano eta guzti. Ez dakit zenbat aldiz bildu ginen eta itxitzat jo genituen espazioak behin baino gehiagotan atzera botata ere, azkenean eskerrak eman behar dizkiegu anbulategi zahar ingurua utzi izanagatik, oso gune berezia izan baitzen guretzat".

Segurolak azalpenak eman bitartean aurtengo Sorgin Jaietako panelak pintatzen hasi ziren Ttakun Kultur Elkarteak aurrera eramaten duen Kuadrillategi egitasmoko margolari gazte finak.

Loidibarrenera, Okendo sorgindu aurretik

Bapo bazkaldu ostean sorpresa ederra jaso zuten mahaiaren bueltan eseri ziren batzuek. Zer zozkatuko zuten jakinarazi gabe, papertxo bana eman eta norberak bere izena idazteko eskatu zieten antolatzaileek bazkaltiarrei. Kafeak edota patxaran kopak hartzen ari zirela jakin zuten zertarako zen: Okendotik Loidibarren pilotaleku ingurura joateko Sorgin Dantzako bi zortzikoteak osatzeko. Banan-banan esan zituzten hamasei izen eta banan-banan altxa ziren euren eserlekuetatik, txano gorria jantzi eta ilara osatzen hasteko. Txupinazoa zerura jaurti ostean, dantzan hasi eta saltoka joan ziren Okendo plaza sorgindu aurretik jarritako azken gunera; 2010eko eta 2011ko festak ospatu zituzten bertan.

Garai horietako zenbait bitxikeria kontatu ostean jokoei ekin zieten, antolakuntzako kideek mojito fresko eta goxoak prestatu bitartean. Era berean, frontoiko paretean itsatsitako argazki historikoak ikusi eta bizitakoa gogoratzeko edo ezagutzeko tartetxoa hartu zuten askok (gainerako geltokietan ariketa bera egin zuten). 

Arranopola txarangako kideak 19:30ean iritsi ziren pilotalekura eta aurreneko piezak bertan jo ostean, kalejirari ekin zioten gaur egungo sorgin gunea dagoen tokira arte, Okendo plazara arte. Bertan jarraitu zuten festarekin eta ilundu izanak ez zuen sorginen parrandarako gogoa itzali. Entrenamendu bikaina izan zen hilabete eta erdi barru hasiko diren jaietara begira.