Urte luzeetako konfrontazioaren ondoren, 1991n su etena sinatu zen Nazio Batuak bitartekotzat hartuta, nork autodeterminazio erreferenduma egingo zela zin egin baitzuen. Baina promes hori haizeak eraman, eta ez zen inoiz bete agindutakoa.
Eta urteak pasa ahala, itxaropena ahultzen joan zen Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan, Aljeriako basamortu amaigabean, non bizi baldintzak ikaragarri gogorrak diren, eta bizirautea helburu.
Hamarkadak eman zituzten zeru berari begira, eguzkipean erretzen, hondarpean itotzen eta askatasun egarriz denboran ahazten. Baina hala ere borrokan, eta 2020an, Frente Polisarioak, Sahararen ordezkari nagusiak, su etena hautsi eta gerra deklaratu zuen. Bost urteren ondoren, Nazio Batuen segurtasun kontseiluak Marokoren autonomia plana babestu du, hau da, ez da erreferendumik egingo eta Marokoren zati bat izaten jarraituko du. Saharar herriak traizio usaina hartu dio erabaki horri eta tentsioa piztu da berriro kaleetan, leherketak, heriotzak eta zaurituak eraginez, gerraren oihartzunak ez direla erabat isildu islatuz.
Mendebaldeko Sahararen auzia ez da soilik mapa batean marraztutako muga baten kontua, ez da bertako baliabideen espoliazioa, baizik eta independentziaren, duintasunaren eta justiziaren aldeko borroka. Eta orain, hainbeste urteren ondoren, 50 urte bete diren honetan, berriro ere bidegurutze batean dira; autonomia mugatua edo benetako independentzia.
Desertuko haizeak harea darabil hara eta hona arrastoak ezabatuz, baina basamortuak ez du ezer ahazten. Eta autodeterminaziorako egin zioten promesaren atzetik tinko eutsiko dio borrokari, ametsa lortu arte, berriz saharar herria hondar alez ale eraikiko badute ere.