Gipuzkoako Eraikuntzako Lanbide Heziketa Eskolako ikasleek Beterri Saretuz gertutik ezagutu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 15a

Ihitteneko eta Hiruki Larroxako kideek Beterri Saretuz sarea aurkeztu zieten ikasleei. Argazkia: Ihitten.

Hilaren 5ean Beterri Saretuz sarea Gipuzkoako Eraikuntza Eskolara joan zen, ziklo ezberdinetako ikasleei eskualdeko eragileen elkarlanezko sarea bertatik bertara ezagutarazteko. Saioa Ihitten elkarteko eta Hiruki Larroxako kooperatibetako Idoia eta Eñautek gidatu zuten, sareko kide gisa, eta helburu nagusia izan zen gazteei tokiko errealitate ekonomiko eta sozial eraldatzailea hurbiltzea, 'Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala' gaiaren barruan.

Beterri Saretuz-en aurkezpena

Saioaren lehen zatian, Beterri Saretuz zer den azaldu zuten: eskualdeko enpresa, kooperatiba eta askotariko eragileek osatutako elkarlan sarea, tokiko garapen ekonomiko eta soziala ikuspegi eraldatzailetik sustatzeko sortua.

Esplikatu zuten zer egiten duen sareak egunerokoan: kideen arteko harremanak eta sinergiak sustatu, proiektu bateratuak martxan jarri, lurraldeko beharrei erantzuten dieten ekimenak bultzatu eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea ardatz duten praktikak indartu.

Halaber, etorkizunari begirako helburuak partekatu zituzten: lurraldean errotutako jarduera ekonomikoa sendotzea, lan duina eta kalitatezkoa sustatzea, eta elkarlanean oinarritutako garapen eredua indartzea, pertsonak eta komunitatea erdigunean jarrita.

Sarea: kolektiboan pentsatuz

Bigarren zatian, sarearen izaera kolektiboa azpimarratu zuten. Beterri Saretuz osatzen duten eragileak aurkeztu zizkieten: sektore ezberdinetako enpresak eta kooperatibak (industria, zerbitzuak, hezkuntza, zaintza, teknologia, komunikazioa…), tamaina eta jarduera desberdinetakoak, baina balio partekatuetan oinarrituak.

Ikasleek ezagutu ahal izan zuten zein lan mota egiten diren sareko kideetan, zer profil profesional behar diren eta zein aukera sor daitezkeen etorkizunean bertan lan egiteko edo proiektu berriak sustatzeko. Lurraldean bertan jarduteak duen garrantzia azpimarratu zen, tokiko ekonomiaren eta komunitatearen indartzean duen eragina nabarmenduta.

Ekonomia Sozial Eraldatzailea: praktika eta hezkuntza

Azkenik, Ekonomia Sozial Eraldatzailea zer den azaldu zieten modu ulergarri eta praktikoan: irabazi asmorik gabeko edo irabaziak berrinbertitzen dituzten egiturak, erabakiak modu demokratikoan hartzen dituzten erakundeak, eta jarduera ekonomikoa gizartearen zerbitzura jartzen duten proiektuak.

Kontzeptua ez zieten soilik teorikoki azaldu; sareko kideen eguneroko praktiketan nola gauzatzen den partekatu zuten: gobernantza parte hartzailea, lan baldintza duinak, genero ikuspegia, ingurumenarekiko konpromisoa eta komunitatearekiko lotura estua.

EAGIko Eraikuntza teknikari, Eraikuntza obrak antolatzeko teknikari eta Obra zibileko proiektu teknikari zikloko ikasleak. Argazkia: Ihitten.

Era berean, hezkuntzarako prestatutako gidak eta baliabide pedagogikoak aurkeztu zizkieten, ikastetxeetan Ekonomia Sozial Eraldatzailea lantzeko tresna gisa. Helburua da gazteek bestelako eredu ekonomikoak ezagutzea, ikuspegi kritikoa garatzea eta etorkizunean eragile aktibo izatea.

Saioa giro parte hartzailean garatu zuten; ikasleek galderak eta hausnarketak egiteko aukera izan zuten. Beterri Saretuzetik balorazio oso positiboa egin dute esperientziaren inguruan, hezkuntza komunitatearekin elkarlana estrategikotzat jotzen baitute: “Gazteek gure lurraldeko errealitatea eta hemen eraikitzen ari garen alternatibak ezagutzea funtsezkoa da etorkizun kolektibo sendo bat eraikitzeko”.

Ekimen hori Beterri Saretuzek lurraldean saretzea, ezagutza partekatzea eta belaunaldi berriekin zubiak eraikitzea helburu duten jardueren baitan kokatzen da, tokiko garapen eredu bidezkoago eta iraunkorrago baten alde.

Erlazionatuak