"Krisi uneak aukerak ere badira, eraldatzeko"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 24a

Kooperatiba gisa 25 urte bete zituztela ospatu zuten Talleres Mitxelenako langileek eta sortzaileek iaz. Argazkia: Talleres Mitxelena.

Beterri Saretuz-eko kide den Talleres Mitxelenak elkarlanaz, Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz eta eskualdean sustraitutako jardunaz hitz egin du.

Beterri Saretuz sarearen baitan kokatzen zarete. Zer da Beterri Saretuz eta zer helbururekin sortu zen?

Beterri Saretuz eskualdeko enpresa, kooperatiba eta eragile ezberdinek osatutako elkarlan sarea da. Helburua da tokiko garapen ekonomiko eta soziala ikuspegi eraldatzaile batetik sustatzea, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri hartuta. Hau da, jarduera ekonomikoa pertsonen eta komunitatearen zerbitzura jartzea, eta elkarlanean oinarritutako lurralde eredu bat indartzea.

Zeintzuk balio partekatzen dituzue sarean?

Elkarlana, konpromiso soziala, erabakiak modu parte hartzailean hartzea, lan duina sustatzea eta lurraldearekiko lotura estua dira ardatzetako batzuk. Sarean gauden eragileok sektore eta tamaina desberdinetakoak gara, baina badugu ikuspegi komun bat: ekonomia tresna bat dela gizartea eraldatzeko.

Zer ekarpen egiten dio sareak eskualdeari?

Batetik, tokiko jarduera ekonomikoa indartzen du, bertako enpresen arteko harremanak eta sinergiak sustatuz. Bestetik, bestelako eredu ekonomiko bat existitzen dela eta martxan dagoela ikusarazten du. Gainera, proiektu bateratuak sortzeko eta ezagutza partekatzeko espazioa eskaintzen du.

Zein da Talleres Mitxelenaren jarduna eta zer egiten duzue egunerokoan? 

1957. urtean sortu zuten eta gaur egunera arteko ibilbidean aipatzekoa da krisi ekonomikoaren garaietan langileek nola egin zieten aurre egoera zail horiei. Zuzendaritzak euren esku utzi zuten ardura eta jakin zuten buelta ematen, 2000n kooperatiba sortu arte, gisa horretako proiektu batek berarekin dakartzan balio guztiekin. 

Egunerokoan pieza handien mekanizazioaz arduratzen gara, espezialistak gara horretan: 14-17 metrotako ardatzak; diametro handiagoa duten piezak ere bai, 40 tonara artekoak; eta fresadoreetan 50 tonara artekoak egiten ditugu. Fabrikatzen ditugun pieza horiek bakar eta bereziak dira, bezero bakoitzaren neurrira egindakoak. Artisauak ere badira gure langileak, egiten ari denari balio erantsia ematen dio bakoitzak. Sektore askotarako egiten dugu lan: ontzigintza, siderurgia, papera, eta abar. Hemen inguruko bezeroentzat aritzen gara batez ere eta Frantzian ere badugu lan bolumen nabarmena; gure fakturazioaren % 35.

Nola islatzen dira Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioak zuen eguneroko praktikan?

Garrantzi handia ematen diogu interkooperazioari eta hori sustatzen duten proiektuei. Urteak daramatzagu Beterri Saretuz eragilearen parte izaten, bagaude baita ere Hernani Burujabe proiektuan edota Enherkom komunitatean. 

Sinesten dugu ekonomia sozial eraldatzailearen balioetan eta barne araudian txertatuta ditugu. Pertsonak lehen lerroan jartzean eta ekonomia euren mesedetara izatean sinesten dugu. Lan egiterakoan, adibidez, enpatizatzen dugu alor ugaritan premiak dituzten kolektiboekin eta beraiekin lankidetzan egin dezakeguna aztertu eta gauzatzen dugu. Ez da soilik diskurtso bat; gure antolaketan eta lan egiteko moduan txertatuta dago eta ahal dugun ongien aplikatzen saiatzen gara, baina egia da gurea bezalako enpresa industrial batentzat erronka handia dela. Eguneroko praktikara eramatea kosta egiten zaigu eta argi utzi nahi dugu ez garela ezeren eredu. 

Zergatik erabaki zenuten Beterri Saretuz sarean parte hartzea?

Lehen aipatu ditugun balioen artean interkooperazioa dagoelako, inolako zalantzarik gabe. Ekonomia sozial eraldatzailearen balioekin bat egiten dugu eta hori posible dela erakusteko saretu eta elkartu egin behar dugu; bakarrik, hori dena gauzatzea ez da posible. 

Zer ematen dizue egitasmoan saretzeak? Eta zer ematen diozue zuek sareari?

Saretzeak ematen digu babesa, motibazioa eta gure zentzuari jarduna, ikusten dugulako posible dela beste era bateko ekonomia aurrera eramatea eta tokian-tokian inpaktua eragitea. Industriarena mundu hotza da eta aipatutako balioak egunerokoan txertatzea zaila den arren, horrelako egitasmoek ilusioa ematen digute.

Sareari parte hartzea, elkarlana eta ahalegina ematen dizkiogu; esan dugu ez garela ezeren eredu baina proiektuan inplikatuta gaude. Hori esanda, Beterri Saretuzengandik gehiago jasotzen dugu ematen duguna baino.

Etorkizunari begira, zein erronka eta aukera ikusten dituzue eskualde mailan?

Sare gisa indartzea, ezagutzera ematea eta itzultzea ekonomia sozial eraldatzailearen oinarrira: egon dadila ekonomia pertsonaren eta gizartearen mesedetara; egiteko modu hori guztiontzako oso osasungarria dela iruditzen zaigu. Inoiz baino nabarmenagoa da behar hori, tokiko ekonomia egokitzea gizartearen beharrizanetara, ez alderantziz. Sistemaren logika eroak ez du etorkizunik. Egungoa bezalako krisi momentuak aukerak dira gauzak aldatzeko.

Bestalde, erronka nagusietako bat euskararen erabilera sustatzearena da enpresa eta eragileetan. Eta gehiago aipatzearren: lehiakortasuna, belaunaldi erreleboa, digitalizazioa, trantsizio ekologikoa... Baina aukera handia ere badago tokiko ekonomia indartzeko, gazteei bestelako ereduak eskaintzeko eta komunitate sendoago bat eraikitzeko. Horretan guztian funtsezko rola izan dezake Beterri Saretuz sareak.

Beterri Saretuz-ek eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri duten eragileak ikusarazten jarraituko du datozen hilabeteetan, hedabide lokalen bidez eta elkarrizketa sorta honen bitartez. Helburua argia da: erakustea bertan badagoela bestelako ekonomia eredu bat, eta komunitatearekin lotura estuan diharduten proiektuak ezagutaraztea

Erlazionatuak