"Ekonomia beste era batera egitea posible da"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 28a

Ihitten elkarteko zenbait kide, Lasarte-Oriako Euskararen 10. Maratoialdia ekimenean.

Beterri Saretuz sareko kide den Ihitten elkarteak elkarlanaz, Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz eta eskualdean sustraitutako jardunaz hitz egin du elkarrizketa honetan.

Beterri Saretuz sarearen baitan kokatzen zarete. Zer da Beterri Saretuz eta zer helbururekin sortu zen?

Beterri Saretuz eskualdeko enpresa, kooperatiba eta eragile ezberdinek osatutako elkarlan sarea da. Helburua da tokiko garapen ekonomiko eta soziala ikuspegi eraldatzaile batetik sustatzea, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri hartuta. Hau da, jarduera ekonomikoa pertsonen eta komunitatearen zerbitzura jartzea, eta elkarlanean oinarritutako lurralde eredu bat indartzea.

Zeintzuk balio partekatzen dituzue sarean?

Elkarlana, konpromiso soziala, erabakiak modu parte hartzailean hartzea, lan duina sustatzea eta lurraldearekiko lotura estua dira ardatzetako batzuk. Sarean gauden eragileok sektore eta tamaina desberdinetakoak gara, baina badugu ikuspegi komun bat: ekonomia tresna bat dela gizartea eraldatzeko.

Zer ekarpen egiten dio sareak eskualdeari?

Batetik, tokiko jarduera ekonomikoa indartzen du, bertako enpresen arteko harremanak eta sinergiak sustatuz. Bestetik, bestelako eredu ekonomiko bat existitzen dela eta martxan dagoela ikusarazten du. Gainera, proiektu bateratuak sortzeko eta ezagutza partekatzeko espazioa eskaintzen du.

Zein da Ihitten elkartearen jarduna eta zer egiten duzue egunerokoan? 

Ikus-entzunezkoen alorrean gabiltzan zenbait emakume lasarteoriatarrek osatzen dugun taldea da. Irizpideak hauek dira: herri horretakoa izatea edo zerikusi zuzena izatea eta emakumea izatea. Gure egunerokotasuneko irizpide nagusia da dauzkagun kezkak eta landu nahi ditugun gaiak elkarrekin jorratzea eta sortzea. Aldi berean, kanpotik etortzen zaizkigun beharrei erantzuten diegu Ihittenen balioak mantenduta.

Proiektuka egiten dugu lan gehienbat. Parte hartzen dugun emakumeok beste egitasmo batzuk ditugu esku artean, beste ogibide batzuk ditugu. Enkarguren bat egiten digutenean gure artean hitz egiten dugu nork eta nola hartuko duen erabakitzeko. Sormen lanetan aritzen garenean, proposamena taldera ekarri eta hori lantzen dugu. Irabazi asmorik gabeko elkartea da Ihitten. Proiektu bakoitzak eskatzen digunaren araberako maiztasunarekin batzen gara: astero, bizpahiru astean behin...

Nola islatzen dira Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioak zuen eguneroko praktikan?

KoopFabrika egitasmoan parte hartu ondoren eratu genuen Ihitten eta garbi genuen balioak hauek izango zirela, betiere, ikuspuntu feminista ardatz hartuta: horizontala, transbertsala, berdea eta berdintasunetik abiatutako kolektiboa. Ikus-entzunezkoen alorrean emakumezkook ikusgarritasun gutxiago dugu eta hori aldarrikatu nahi dugu, horregatik sortu genuen. 

Horri lotuta, noski, bat egiten dugu Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioekin. Zer esan nahi du horrek? Ba gure buruak balioesten ditugula, sortzen duguna balioan jartzen dugula, lanorduak errespetatu eta balioan jarri nahi ditugula prezio txukunekin eta elkar zaintzetik nahiz ulertzetik. Lan egiterakoan, adibidez, enpatizatzen dugu alor ugaritan premiak dituzten kolektiboekin eta beraiekin lankidetzan egin dezakeguna ere aztertu eta gauzatzen dugu. Ez da soilik diskurtso bat; gure antolaketan eta lan egiteko moduan txertatuta dago eta ahal dugun ongien aplikatzen saiatzen gara.

Zergatik erabaki zenuten Beterri Saretuz sarean parte hartzea?

Gure eskualdean gauzak egiteko beste modu bat dagoela ikusita, sarearen parte izateko eta hori indartzeko asmoz bat egin genuen Beterri Saretuzekin. Horrek aukera eman digu beste eragile eta proiektu batzuk ezagutzeko, elkarlanean egitekoak izan daitezkeenak identifikatzeko, eta abar. Ihitten sortu genuen horregatik beragatik, norbanako gisa aritzen ginen ikus-entzunezkoen alorreko emakumeak elkartzeko, orduan, sare hori handitzen jarraitu nahi dugu Beterri Saretuzen aukerak eta baliabideak erabilita. Bakarka zailagoa litzatekeen ikusgarritasuna eta indarra ematen digu kolektiboan aritzeak.

Zer ematen dizue saretzeak? Eta zer ematen diozue zuek sareari?

Saretzeak aukera ematen digu sarea handitzeko eta, elkarrekin indartsuagoak garenez, landu ditzakegun gai eta ekimenak garatzea errazagoa dela iruditzen zaigu. Sinesten dugu Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioetan, egiteko beste modu batzuetan; horiek gure herrira ekarri eta bertan bizi direnei erakutsi nahi dizkiegu, funtzionatzen dutelako. Horrez gain, guk, gure aldetik, esperientzia, jakintza eta konpromisoa jartzen ditugu sarearen zerbitzura, proiektu kolektiboa indartzeko.

Etorkizunari begira, zein erronka eta aukera ikusten dituzue eskualde mailan?

Erronka nagusietako bat euskararen erabilera sustatzearena da enpresa eta eragileetan. Beste bat da Ekonomia Sozial Eraldatzailea lantzen jarraitzea, badaudelako egiteko beste modu batzuk eta ari garelako; horretan sinesten dugu. Egiteko modu hori guztiontzako oso osasungarria dela iruditzen zaigu. Sektoreko edo testuinguruko beste desafio batzuk aipatzearren: lehiakortasuna, belaunaldi erreleboa, digitalizazioa, trantsizio ekologikoa... Baina aukera handia ere badago tokiko ekonomia indartzeko, gazteei bestelako lan ereduak eskaintzeko eta komunitate sendoago bat eraikitzeko. Horretan guztian funtsezko papera izan dezake Beterri Saretuz sareak.

Beterri Saretuz-ek eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri duten eragileak ikusarazten jarraituko du datozen hilabeteetan, hedabide lokalen bidez eta elkarrizketa sorta honen bitartez. Helburua argia da: erakustea bertan badagoela bestelako ekonomia eredu bat, eta komunitatearekin lotura estuan diharduten proiektuak ezagutaraztea.