Euskal musikaren panoramaz ari naiz eta zehatzago, gaur egun, gure herriko musika talde ezagunenek dituzten joera desberdinez.
Badira urte batzuk, joera aldaketa hori nabaria dena. Batetik, doinuen estiloa bera aldatzen ari da mundu mailako musika globalizaturantz bira emanaz. Alternatibo gisa aurkezten den hori merkatal eremuko ukituz saltzen zaigu eta azken batean gure herrian ere modu zabalagoan kontsumitzen da.
Euskal musikariek kanpoko joerei so egitearena ez da berria gurean. Gaur egun, ordea, estatu mailan geroz eta ikuspegi irekiagoa ikus daiteke gure musikaren zabalkunde prozesu horren aurrean. Taldeen arteko harremanak, abesti puntualetan kolaborazioak eta kontzertuak gure mugaz gaindi egiteko aukerak kasu, egunerokotasunean ematen dira.
Hamarkada batzuk atzera begiratuz ordea, euskal doinuen portzentaje handi bat bizpahiru estilo zehatzetara mugatzen zela ikusiko dugu. Musika konkretu bat, entzule zehatz bati zuzendurikoa. Gaur egun ematen ari den globalizazio honek, gurea den horren xarma edota nolabaiteko esklusibitatea desagertarazteko prozesua martxan jarri du, baina aldi berean, gure herriko industria musikalari izugarrizko aukera ireki dio merkatu berriak ezagutu eta gure kulturaren berri munduan barrena zabaltzea ere ekarri du.
Aspalditik datorren atzerriko joeren erreprodukzio ohitura horri, gaur egun, bertan sortzen dena, kanpora begira jartzearen aukera gehitzen badiogu, azken urteetan ematen ari diren aldaketei bidea irekitzen diegu. Hasi euskal taldeen grabaketak goi mailako estudioetan egiteko aukeratik, musika doinuen kalitateak berak ere gora egitea, kanpoko goi mailako artistekin hartu eman sendoak jorratzea, inoiz pentsatuko ez genukeen lekuetan euskal taldeek milaka eta milaka pertsona biltzeko aukera izatea...
Galdera ordea honakoa da: bide egokitik al goaz? Non geratzen dira sustraietan lanean jarraitzen duten talde txiki horiek? Globalizazioaren olatu erraldoiak guztiei onura ekarriko al die?
Azkenaldian nire buruan tarteka agertzen diren zalantza horiek, zuentzat. Mikel Urdangarinek zioen bezala: Iskin hontatik idazten dizut, azkenaldian bezala, egia da bai sasoi honetan hotza egiten duela.