Bidai on

Gorka Alvarez 2025eko abenduaren 12a

Bagoazela, bagoazela. Nora? Tailandiara. Bagoazela, bagoazela. Nora? New York-era. Bagoazela, bagoazela. Nora? Tanzaniara. A bai? Ezagutzen dut ba bertan oso ongi jaten den jatetxe bat, baita galdu ezin dituzuen herrixka txiki batzuk eta noski ez ahantzi bertako museo nagusia bisitatu ahal izateko zortzi hilabete lehenago sarrerak deskontuarekin sarean hartzeaz.

Oporraldi garaiak hurbiltzen direnean, gure artean izan ohi dugun elkarrizketa bat litzateke hau. Ni neu erraz identifikatzen naiz testuinguru honetan. Turistifikazioaren eztabaida bor-bor dagoen honetan, bidaiatzea gustuko dudala eta gainera bultzatu egiten dudala esango nuke.

Sortzen zaizkit barruan turismo eredu desberdinen arteko hausnarketak eta kezkak noski, gugandik gertu daukagun hiri ereduak, bertakoen bizitza nola aldarazi duen ikusita. Guztia bertakoei arrotz egite horrek, kanpokoa etxekotuz, tamainan batzuetan; aski soberan azkenaldian.

Gaurkoan ordea, urrunekoaren ideializazioari eta gertukoaren gutxiesteari helduko diot edota oraindik larriagoa den ezezagutza orokortua eta  gero eta zabalduagoa dagoenaren ideiari. Ezezagutza gurearekiko. Gouda gaztaren egite prozesu osoa ezagutu eta dastatzeko bizipenaz hitz egiten dugu, baina Idiazabal gaztari buruz ari garenean ez dakigu ezer bere jatorriaz; izendapen horren izateaz adibidez. Oso ohikoa baita Alemaniako baso itzeletan topatu ditugunetaz aritzea. Iratiko ohiana entzutean ordea, zailtasunak ditugu mapan bertan kokatzeko. Niagarako ur jauzien ikusgarritasuna eta zenbat litro ur minutuko jausten diren ere jakingo dugu ziurrenik baina Nerbioi ibaiaren jaiotzaren berri ba ote daukagu?

Bidaiazalea naiz eta gustuko dut desberdina den hori baloratzea, gauza berriak ezagutzea eta ikuspegi berrietatik ikastea, baina, euskal herritar moduan, Zumaiako Itzurun hondartza edota Bermeo eta Bakio artean dagoen Gaztelugatxe, telesail baten eszenatoki direlako ezagutzeaz edota Añanako gesaltza eta Txingudiko badia bi futbol talderen izenak direla pentsatzera iristeak asko kezkatzen nau. Exajerazio ariketa batean nabilela pentsatuko du norbaitek baina galdetu, froga egin eta erantzunek harrituko zaituztete. Baten batzuk, gutxi batzuk zirelakoan nengoen, baina aurkitu dudan argazkia ez da hau izan. Zeelanda berriko Hobbiten etxeetan bizi direnek, ez baitakite non den Urretxu, Ness aintzirako munstroaren istoria dakitenek ez dute Ulibarri azpian dagoenaz ezertxo ere jakingo eta ziur aski Eiffel dorreak eta Bizkaia zubiaren inguruko anaitasunaren berri gutxi izango dutelakoan ere banago.

Bidai on!

Erlazionatuak

Ez dakit

Gorka Alvarez 2025 urr 24 Iritzia