Oso kezkagarritzat jotzen dut, gaur egun, euskararekiko, euskal gizartean edo nik ezagutzen ditudan inguruko herrietan behinik-behin, guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza transmisioan ematen ari diren jokaera eta joera batzuk. Hiru ikusten ditut nagusiki eta bereziki deigarri. Hiru multzokatze egingo ditudalarik. Laugarrenari ez diot so egingo, euskararekiko inongo errespetu eta interesik agertu ez duten horiena baita eta askotan konturatu gabe, gure jarrerek, euren pare lerrokatzen gaituzte.
Lehenengoa, familia euskalduna kontsideratzen den hori. Euskalduna diot, nire ulertzeko moduan euskalduna delako, euskara erabiltzen duena. Euskara eta euskaldun izatea folklorismo hutsera mugatzen ez duena, baina kasu honetan familia hauek, euskal giro horretan murgilduta sentitu ohi direnak eta euskara maite dutenak, itxuraz edo hobe esanda itxurakeriaz, eremu publiko zein pribatuan erdaraz jo eta su aritzen diren arren. Euren haurren eskoletan, ikastoletan edota ikastetxeetan euskara maila bermatzea eskatzen duten horiek eta euren eremu pribatuan beraiek nahi duten hizkuntza erabiltzeko eskubidea dutela zabaltzen dutenak. Noski, gerora etortzen dira euren seme-alabek akademikoki euskara maila eskasa eta erabilerarako gaitasun urriak agertzen dituztenean, hezkuntza sistemarekiko kexuak . “Nola ote da posible familia euskaldun peto-peto batean haurrek euskararen erabilera maila eskasa izatea?” galdetzen dute. Ordurarte ordea, ez diote garrantzia handiegirik eman horri. Aisialdi taldeetan, kirol eremuetan edota beste hainbat alorretan, etxean kasu, eremu guzti hauek haurrentzat oso adierazkorrak direnak, zein hizkuntza eredutan edo erabileretan oinarritzen diren jakiteak bost axola izan die.
Bigarrena. Guraso euskaldunak eta haurrarekin euskaraz aritzen direnak. Euren artean ordea ez. Haurrak parkean etengabe erdaraz jarduten duela eta kexaka. Eskolan ere testuignuru gero eta erdaldunagoa sortzen dela eta irakasleen aldetik baliabide egokiagoak eman behar direla eskatuko dutenak. Gaztelera hutsean aritzen direnak noski, arratsaldeko gurasoen kafe tertulietan. Badakite euren haurrak euskararen erabilera sustatzen eta bultzatzen duten hezkuntza sisteman txertatuta daudela eta aisialdirako, zein eskolaz kanpoko hainbat jardueretarako euskal eredu diren elkarteetan parte hartzera eraman dituzte haurrak baina hortik kanpo, gurasoak, eredu esanguratsu nagusienak, gazteleraz euren artean, guztiek, euskara ezagun dutelarik eta erabiltzeko baliabide guztiak bermaturik dituztelarik. Gero etortzen dira ezintasunak, lotsak eta kezkak, haurra gaztelera hutsean “aita me das la merienda” esanaz etortzen denean eta erantzuna “tori maitia txokolatezko ogitartekoa” esandakoan; naturaltasun osoz, “gracias aitatxo, pero quiero el plátano.” itzultzen dietenean.
Hirugarren multzoan sartzen ditut gainontzeko guztiak. Bai guztiak. Euskal hiztunak direnak eta komunikazio tresnatzat erabiltzen dutenak, egunerokoan erabilltzeko saiakera hori egiten dutenak, asko kostata ere. Ama hizkuntza euskara dutenak eta ez dutenak noski; baina euskararekiko maitasuna hitzez eta keinuz etengabe agertzen dutenak. Folklorismotik eta hitz hutsaletatik haratago bertako hizkuntza, gurea, errespetatzen dutenak eta askotan hemen jaio ez diren arren, bertako askok baino begirada, saiakera eta ulermen handiagoa dutenak gure altxor preziatuenetarikoa den hizkuntzarekiko.
Ez dakit ongi ari ote garen. Hamarkada luzeetako lanaren ostean eta eredu egokiagoak edo desegokiagoak erabiliz, euskararen ezagutza nahiko bermatuta dagoela diote estatistikek orain guraso garenon artean. Erabilera datuak ordea, kezkagarriak dira eta eguneroko bizipenek, zoritxarrez hau baieztatzera eramaten gaituzte. Gure kaleetatik, parkeetatik, plazetatik; herrietatik orokorrean bueltaxka bat ematea nahikoa da hori antzemateko.
Ez dakit.