Eguzki izpiak

Oihane Puertas Ramirez 2026ko apirilaren 24a

Nahiko nuke zerbait inportantea idatzi, edo transzendentala, agian. Zerbait guaia ere bai. Baina hau idazten hasi naizenerako, eguzkia atera da, eta hedabideetako kirol agendan futbolak nola, eguraldiak –edo eguzkiak– eklipsatu du nire burua.

Ordenagailu aurrean jarri aurretik ideiak pasatzen ziren nire burutik, baina, orain, galdera hauek besterik ez ditut: ze plan egin dezaket eguraldia aprobetxatzeko? Galtza motzak eta sandaliak janzteko garaia da edo gehiegitxo da oraindik? Noiz arte iraungo du eguraldi honek?

Eta konturatu orduko, hemen nago, zerbaiti bueltaka bai, baina ez uste nuenari. Nolabait, beste zerbait izan behar zuen testu hau eguraldiaren inguruko gogoeta bihurtzen ari da. Hutsala, e? Ba agian ez: konturatu zarete nola aldatu dezakeen dena eguraldiak? Paisaia bera ez da berdina: koloreak koloreago egiten dira; argiak beste modu batean jotzen du, eta kaleak jendez betetzen dira. Herria herriago bihurtzen da, biziago. Umorea bera ere aldatzen zaigula esan genezake.

Eta kuriosoa da: ezin dugu eguraldia kontrolatu, baina gure egunak haren arabera antolatzen ditugu. Aplikazioak begiratzen ditugu, aurreikuspenak aztertzen, planak egiten, ordutegiak moldatzen… Hori guztia egiten dugu jakinda, sakonean, edozein momentutan aldatu daitekeela dena. Kontrolpean daukagula dirudi, baina ez da hala.

Ez al da hori bera gertatzen beste gauza askorekin ere? Askotan sinesten dugu dena lotuta, pentsatuta edo erabakita daukagula, baina gero eguzki izpi batek –edo euri zaparrada batek– desbideratu egiten gaitu. Gaurko zutabean beste zerbait idatzi nahi nuen, baina eguzki izpiek distraitu naute. Hain erraz, hain sinple.

Gizartean ere antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait. Batzuetan, gauza arinek kentzen digute arreta garrantzitsutzat dugun horretatik. Eta ez dakit hori beti txarra den –bai, batzuetan bai, segun eta nork zer noiz nola zergatik eta zertarako egiten duen–. Baina eguzki izpiekin gure arreta beste norabait bideratzea eskertzen da batzuetan. Beste norbaitera begiratzea. Beste zerbait pentsatzea.

Azkenean, ez dakit eguraldiak aldatzen duen mundua, edo guk geuk aldatzen dugun ingurua eguraldiaren arabera. Konturatu gabe, kontrolatu ezin dezakegun zerbaiten inguruan antolatzen dugu dena. Eta, oraingoan, ez naiz eguraldiaz (bakarrik) ari.

Hor egon daiteke, agian, oreka: tarteka, nahi gabe bada ere, eguzki izpiei bidea egitean. Bilatu gabe, gauza txikietan ere plazera aurkitzean. Agian, azkenean, hau guztia ez da hain hutsala. Edo bai. Baina eguzki izpiek distraitu naute jada.

Erlazionatuak

Kirola nor den

Oihane Puertas Ramirez ots 13 Iritzia

Izanak izendatzeaz

Oihane Puertas Ramirez 2025 abe 05 Iritzia