Badira urte batzuk transmisioaren eten horren bueltan nabilela: 2021ean Tenpraren guarpena dokumentala egin nuen Idoia Lahidalga Baglietto lagunarekin. Erronkaribarko XIX. mendeko emakumeen historia bildu genuen bertan, ordura arte bailaran gizonek egiten zutena transmititu zelako gehienbat.
Dokumentazio lan hartan, zera esan zigun Brigida Tolosa erronkariarrak: “Nik ez daukat ezer kontatzeko”. Gero ulertu nuen esaldi hura emakume askoren isiltasuna ere bazela. Kontatu ez diren bizipenak zirela. Eta azken urteotan konturatu naiz nire familiaren historian ere eten bat egon dela: zati handi bat ez zaigula iritsi, ahanzturaren atarian egon dela —agian nik ere garaiz galdetu ez dudalako—.
Pandemia garaian hasi zen ama zuhaitz genealogiko bat egiten, eta ikusi genuen puzzlea osatzeko pieza asko falta zitzaizkigula. Izenak, agian, bagenekizkien, baina izen horiek ez zuten izan bat. Eta informazio horren bila hasi ginen pixkanaka.
Bagenekien familiaren zati bat Peñafieletik etorri zela Oriara, Fidela birramonak Brunet ehun fabrikan egin zuela lan, eta Katalunian eta Bretainian egon zela errefuxiatuta. Pixkanaka joan gara informazio gehiago biltzen. Interneten begiratzen eta senideei galdetzen.
Genozidio ezkutu baten isladak lanean ere aurkitu dut birramonari buruzko informazioa. Espero ez nuena. Testigantza batean kontatzen denez, birramonari ilea moztu eta errizino-olioa edanarazi zioten. Esaten dute Fidelari gustatu egiten zitzaiola iraganeko gauzak kontatzea. Kuriosoa da. Agian lagunekin edo auzokideekin hitz egingo zuen horretaz, bizipen konpartituak izango zituztelako akaso. Etxean, ordea, pasarte hori entzun gabeak ginen.
Saiatu naiz birramonari buruzko informazio gehiago topatzen sarean, baina ez dut aurkitu. Hurbilekoek kontatu didatenarekin gelditzen naiz, eta oraindik deskubritzeko eta ikasteko dudanarekin. Hala ere, informazio horren bila nenbilela, bilatzen ez nituen senideekin egin dut topo. Ezustekoa izan da aurkitutako guztia topatzea; pozgarria, nire familia gehiago ezagutzeko aukera izan dudalako. Auzoko historia ezagutu dudalako. Arraroa, nolabait, nire familiaren historia beste batzuen ahotik deskubritu dudalako.
Bilaketa honetan (ere), gizonen biografiak dira gehienbat (edo errazen) aurkitu ditudanak. Birramonaren senarra. Aita. Anaia. Orokorrean, dokumentazio lana egitea tokatu zaidanetan, zailagoa izan da emakumeak protagonista gisa aurkitzea. Emakumeen ahotsa jasotzea. Eta pozgarria da ikustea azken hamarkadetan hori aldatzeko egiten ari den lan guztia. Memoria horri izena jartzea eta transmititzea. Ez ahaztea. Ze nik, behintzat, ez dut ahaztu nahi nondik natorren, hori ere banaizelako. Horregatik –eta haiengatik– ere banaizelako.