Generoa, kirola eta errepresentazioa elkarri lotuta dauden gaiak dira, eta horri buruz egin nuen 2023an master amaierako lana. Badakigu generoan ardaztutako gizarte batean bizi garela, eta horren aitzakiapean espazioak banatu direla historian zehar, publikoa eta pribatua bereiziz (emakumeak pribatura eta gizonak publikora). Ezer berririk ez hemen. Bereizketa horrek gizarte-antolakuntza markatzen du, eta harremanak hierarkizatu. Eta ez, hau ez da beste gai bat, teistuinguru apur bat baino ez da. Kontua da gizartean gertatzen den horixe bera jazotzen dela kirolean, egitura berak erreproduzitzen direla. Horiek horrela, asko dira kirola ezagutzea gizartea ezagutzeko giltza dela dioten ikerlariak. Izan ere, kirolaren bitartez erreproduzitzen da maskulinitate eredu hegemonikoa, eta praktika horrek bitartasuna eta gizarte eredu dikotomikoa mantentzen laguntzen du. Hala, historian zehar, kirola gizon eta maskulino kategorietara mugatu da. Egongo da atzoko kontuak direla esango duenik, eta badakit aurrerapausoak egin direla, baina egiturak berdin jarraitzen du.
Kirola eta gizartea etengabeko harremanetan dabiltza, eta kazetaritzak berebiziko rola jokatzen du hor. Zergatik? Egunero kontsumitzen ditugulako hedabideak, eta horietan jasotzen duguna barneratu, normalizatu eta erreproduzitzen dugulako. Hedabideen bidez ideia eta balioak normalizatu eta transmititzen ditugulako. Horren adibide da kirol programazioa. Zer dago prime time-an? Nor dago titular eta orri nagusietan? Lehiak hartzen du espazioa, eta gizonak dira protagonista.
Aipatutako guztiak gizartean du eragina, eta, ondorioz, kirol eredu bakarra lehiakortasunean oinarritutakoa dela iruditzen zaigu. Hori dela baliozkoa, ona eta inportantea. Ikusgaitz utziz kirolarekin lotutako beste hamaika gai, eta ikusezin eginez kirola bizitzeko beste mila modu; kirola praktikatzen duten beste hainbeste gorputz.