Ostadarren webgunetik hartutako datuen arabera, aurtengo krosean 595 gizonek eta 185 emakumek parte hartu dute. Andrazkoen partaidetza txikiagoa kontuan hartuta ere, ohituago gaude erditik aurrera gizonak ikusten izan herriko krosean edo bestelako lasterketa edo probetan ere. Oro har, gizon eta emakumeak espazio berean lehiatu edo kirola egitean, espazioaz jabetzen direnak gizonak dira.
Duela gutxi entzuten nuen podcast batean antzeko zerbait gertatzen zaigula gimnasioan ere. Geografia feministen ikerketak aipatzen zituzten, eta andrazkook espazio eta denbora gutxiago erabiltzen dugula ondorioztatu dute. Horien zergatietan sakontzerakoan, gure entrenamenduarekiko gutxiespena dago: gure jarduerak gutxiago balio duela sinetsita gaude, eta ez ditugu euren aktibitatean molestatu nahi izaten. Neurri handi batean, ordea, hori sinestarazi digutelako da. Izan ere, nortzuk izaten dira "bukatu al duzu", "modu honetara hobeto egingo duzu" eta antzeko esaldi gehien entzuten dituztenak?
Lagun batek eta biok parrandan irteten ginenean eta dantzatzeko espaziotxo bat lortzen genuenean, beti esaten genion elkarri, "behintzat, hemen ez dugu inor molestatzen". Gaur da eguna agian molestatu egin behar genuela pentsatzen dudana. Inoiz ez omen da berandu…