Xabat Martin: "Lehen ero moduan nindoan, ez nuen estrategiarik. Pixkanaka ikasi dut pistan moldatzen"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 22a

Xabat Martin, Euskadiko selekzioarekin proba bat hasteko zain. Arg.: MA Martin.

Xabat Martin Mariezkurrena Andoaingo txirrindulari eskolako txirrindularia

Pista denboraldia amaituta errepidekoa ate joka dago Euskadin. Xabat Martin Mariezkurrena (Lasarte-Oria, 2010) herritarra bikain lehiatu da; kadete mailako Gipuzkoa Pista Sarian zein Gipuzkoako txapelketan garaile izan da eta Espainiako lehian Madison-eko txapeldun. Euskadiko selekzioarekin pistako txapelketaren bat falta duen arren, errepidera begira ari da lanean. Harekin bildu gara solasaldi txikia izateko

Aurtengo pista denboraldiko zer moduzko irakurketa egiten duzu?

Hasieran esperientzia gabeko bezala sentitu nintzen. Iaz ez zen ia lasterketarik lehiatu eta aurten nahiz eta kadete bigarren urtekoa izan, lehen urtekoa banintz bezala sentitu nintzen. Ondorioz, lehenengo lasterketetan pixka bat berde egon nintzen, baina gero amaiera aldera hobeto. Lasaiago.

Hala ere, aipatzen duzuna ez zen antzeman Gipuzkoa Pista Sariko lehen lasterketetan, lehenengo postuetan amaitu baitzenuen.

Bai, ondo hasi nintzen. Baina ero moduan nindoan lehenengo lasterketetan, ez nuen estrategiarik eta gero pixkanaka-pixkanaka joan nintzen moldatzen, nola korritu ikasten, eta abar.

Lehia handia izan zenuen jardunaldi ezberdinetan Iparraldeko eta Bordeleko ordezkariekin, ezta?

Bai, Bordeleko Maxime Cazaillonekin, batez ere. Oso zaila jarri zidan baina azkenean Gipuzkoako selekzioarekin Bordelen (Frantzia) jokatutako proban lortu nuen pasatzea. Hori eta gero maila puntu bat gehiago nuen eta Gipuzkoa Pista Saria eraman nuen.

Gero Gipuzkoako txapelketa lehiatu zenuen eta 'Omnium'-ean eta jazarpenean irabazle eta 'Keirin'-ean bigarren izan zinen. Nola joan zen txapelketa?

Hasieran lehenengo bi probak nahiko kaskar egin nituen. Baina banekien Omnium-a ez zela irabazten lehenengo bi probetan, baizik eta azkenekoan, puntuazioan. Proba horretan irabazitako puntu kopurua gehitzen zaizu sailkapenera eta horrela lortu nuen garaipena.  

 Denboraldiko emaitzak 

 Espainiako txapelketa

  • Madison 1º.

 Gipuzkoa Pista Saria 

  • Sailkapen orokorrean  

 Gipuzkoako Txapelketa

  • Omnium 1º
  • Jazarpena 1º
  • Keirin 2º

 Trophee Bebert Lesbats

  •  Orokorrean 2º

Horregatik lasaiago joan nintzen hasieran eta azken bi probetan serio jarri nintzen, nire onena eman nuen, hanka freskoekin eta eliminazioa irabazi nuen eta puntuazioa ere bai.

Eta bi lehiaketen artean, 'Madison' proban Irunes taldeko Daniel Diaz Bejaranorekin batera Espainiako txapeldun titulua eskuratu zenuten. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Espainiako pistako txapelketa Mallorcan (Balear Uharteak) izan zen. Oso gustura egon ginen eta esperientzia oso polita izan zen. 

Aurretik entrenamendu asko egin genituen. Hasieran nahiko berde ginen baina gero Tafallan (Nafarroa) parte hartu genuen proba batean eta ondo egin genuen. Horren ostean, asko hobetu genuen. 

Gainera txapelketa baino lehen, Euskadiko selekzioarekin abendu amaieran kontzentrazio bat ere egin genuen baserri batean eta belodromoan entrenatzen genuen.

Espainiako txapelketan, tentsio handia zegoen. Hautatzailea garrasika zer egin behar genuen esaten eta gu adi ez nahasteko. Baina hori kenduta ongi joan zen.

Martin eta Diaz, Espainiako txapelketan Madison proban. Arg.: MA Martin.

Errepideko denboraldia aurki hasiko duzue. Nola doa prestakuntza?

Negu hasieran errepide gutxi egiten dugu. Mendira joan eta pista egin ditut. Gustuko dut mendian ibiltzea. Orain pista eta errepidea uztartzen ditut, asteartetan eta asteazkenetan errepidea eta ostegunean, pistako entrenamendua. Izan ere, guztia ondo badoa, Aste Santuan Galapagarren (Madril) lehiatuko gara Euskadiko selekzioarekin. 

Errepideko denboraldia, martxoaren 1ean, Zarautzen hasiko dugu. Iaz irabazi egin nuen eta aurten berriz saiatuko naiz. Zaila izango da jende asko etorriko delako (Bizkaia, Nafarroa...); kadete mailako lehenengo proba da Euskal Herri osoan eta 200 bat pertsona egongo gara ziurrenik.

Eta egutegian baduzu hitzordu seinalaturik? Gipuzkoako edo Euskadiko txapelketa, esate baterako?

Oraindik ez dakit noiz izango diren probak; ez didate egutegia bidali. Baina ekainean nire gorenean egon nahiko nuke; normalean orduan jokatzen dira lehia nagusiak. Aurten kadete bigarren urtekoa izanda esperientzia gehiagorekin probetan borrokan egotea espero dut.

Helburuen artean, Tolosako lasterketa dago; beti hor entrenatzen dugulako eta errepide horiek ezagutzen ditudalako. Eta Espainiako txapelketarako selekzioarekin joatea ere buruan dut.

 

Erlazionatuak

Xabat Martin, Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria ots 03 Kirola